Hondakin industrialak

Euskal Herrian gero eta zabor industrial gehiago sortu arren, ez dago horiek birziklatzeko neurri egokirik

2023/02/08
Atxikitako txostenean Hego Euskal Herriko hondakin industrialen analisia egin du ELAk eta ekonomia zirkularra garatzeko proposamenak jaso ditu. Zaldibarko zabortegiaren atzean, hondakin industrialen arazoa dago. Horra bideratzen ziren zaborrak beste zabortegietara bidaltzen dira orain. Jaurlaritzak erraustegien aldeko apustua egin du.

Hego Euskal Herriko hondakin industrialen errealitatea aztertu du ELAko Ingurugiro atalak, eta ondorio nagusia da urtez urte handitzen doazen hondakinak izanagatik ere, erakundeek ez dutela horiei aurre egiteko tratamendu egokirik; ekonomia zirkularrean oinarritu beharrean, erraustegien alde egiten ari dira edo zabortegietan pilatzen dituzte, Zaldibarko kasuak agerian utzi duenez.

Erakundeek hiri hondakinez eta norbanakoen arduraz jarduten dute plaza publikoan, baina jabetu behar dugu hondakin industrialak askoz kopuru handiagoan sortzen direla hirikoak baino. Hona kopuru horien aldea: EAEn hondakin industrialak 2019an 6.674.779 tona izan ziren, eta hiri hondakinak, 1.142.223 tona. Nafarroan 2021ean 829.987 tona izan ziren hondakin industrialak, eta hiri hondakinak, 284.106 tona. Kopuru horiek, gainera, etengabe doaz gorantz, Euskal Herrian sektore honek duen pisuaren ondorioz.

Horiek modu jasangarrian kudeatzeko ahalegin gutxi egiten dute erakundeek, ordea. Eusko Jaurlaritzak iragarritako tratamendu planta berriak, esaterako, errausketan daude oinarrituta, eta hau onartezina da. Esaterako, Bergarako paper hondakinentzako iragarri dena edo Zumarragako plastikoen pirolisirako iragarri dutena. Horrela, oraindik errausketara bideratutako zabor industrialen kopurua 'txikia' izanagatik ere, nabarmen handituko da planta horiek zabaldu ahala. Era berean, ezin da ahaztu zabortegietara eramaten dela hondakin industrialen kopuru oso handi bat. Zaldibarren gertatutakoa horren lekuko. Bertara eramaten ziren hondakin tonak ez dira desagertu, eta arazoa handitu besterik ez da egin, beste zabortegietara eramaten baitira.

Ondorioz, Hego Euskal Herrian sortzen diren hondakin industrialen milaka tonak zabortegietan ezkutatu edo erraustu beharrean, kudeaketa jasangarria aurrera eramateko politikak egiten hasi behar dira Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua. Hona horretarako zenbait proposamen:

  • Hondakin industrialen birziklapena areagotzeko tratamendu iraunkorretan oinarritutako birziklapen plantetan inbertitu, errausketan inbertitu beharrean.

  • Ekonomia zirkularra izan dadin, industriaren ekoizpen eredua dibertsifikatu, eta ez oinarritu ekonomia hondakin gehien sortzen duten sektoreetan.

  • Material berriztagarrietan, birziklagarrietan eta energia berriztagarrietan oinarritutako jarduerak bultzatu. Horiek dira hondakin gutxien sortzen dituztenak eta etorkizunera begira bultzatu behar direnak.

  • Industria sektore iraunkorrak garatu, barne kontsumora zuzenduak eta behar duguna soilik ekoiztuko dutenak, gure kontsumo, ekoizpen eta mugikortasun eredu aldaketaren ildoa jarraituz.

Dokumentu osoa