Euskal Herriko Emakume Martxako Plataformak martxoaren 4 eta 8rako ekitaldiak aurkeztu ditu

2006/03/01

EMAKUMEOK, GURE ESKUBIDEAK DIRELAKO, MARTXAN!!!

Orain urtebete, Euskal Herrian bizi garen Emakumeon Eskubideen Gutuna egiteko konpromisoa adierazi genuen jendaurrean. Eta horretan gabiltza.

Martxoaren 8 honetan, emakume guztien esku jarriko dugu guk eginiko lana, gutun hori denon artean osa dezagun. Bizi dugun errealitatea nola ikusten dugun adierazi behar dugu diagnostiko horretan.

Martxoaren 4an Donostiako Boulebarrean Eskubideen gutunaren sarrera aurkeztuko dugu, bertan emakumeon egoeraren diagnostikoa egin eta nola landuko dugun eztabaida prozesua azalduko dugu. Mundu Martxako plataformak antolatu duen ekitaldi honetara gonbidatzen dugu jendarte osoa.

Ekimen honetan hainbat gai landuko ditugu eta emakumeok parte hartzeko hainbat ekitaldi antolatu ditugu; herri kirolak, anzterkia, musika, emakumeon borrokak,...

Eguerdiko 11:30etan emakume guztiei deialdia egin nahi diogu gurekin batera Donostiako Bulebarrean egoteko.

Eta esku artean ditugun erronkak asko badira ere, Martxoaren 8 honetan lehentasun batzuk nabarmendu nahi ditugu:

  1. Indarkeria sexista, tratu txarrak, bortxaketak, emakumeak erailtzea eta bestelako ekintza mesprezagarriak atzean uzteko, gizarte osoak egin behar du lan; izan ere, hemen ez da inor erantzule egiten. Gaur egunean, gizonek ez dute onartzen euren ardura eta "ni ez naiz izan" esatera mugatzen dira, beste askorik gabe.

    Erakundeek adierazpen asko egiten dituzte, eta hartu beharreko neurriez aritzen dira; baina gero, berdintasun politikak, ekintza positiborakoak, berdintasun planak, eta abar, eta abar, aurrekontuetan azkenak doaz ilaran. Badago diru publikoa zertan gastatu, eta ez emakumeon eskubideak defendatzen, hain zuzen ere. Ez dago borondaterik, ez dago benetako egitasmorik, aurrekontudunak, ez zaie jarraipenik eta ebaluaziorik egiten, eta, batez ere, ez dute EMAITZA POSITIBORIK emakumeontzat.

  2. Zainketak baloratzea nahi dugu. Euskal Herrian emakumeok biztanleriaren erdia baino zertxobait gehiago gara, bizitzak jarrai dezan egin beharreko lanen eta zainketen %80 egiten ditugu, eta lan hori ez dago, ez gizarte mailan, ez ekonomikoki, aitortuta. Beraz, pertsona guztiok zainduak izateko dugun eskubidea aldarrikatu nahi dugu. Emakumeok aukeratzeko eskubidea dugu, AUKERATU ESAN DUGU, zaindu nahi dugun ala ez; eta ez dadila betebehar bat bihurtu, nahiz eta ordaindutakoa izan. Bestalde, gaur egungo beharrizanei erantzungo dien sistema publiko eta unibertsala nahi dugu.
  3. Gizartearen hainbat esparrutan dagokigun lekua patriarkatuak eta sistema kapitalistak ukatu egiten digu, eta orain berreskuratu egin behar dugu leku hori. Gutxiengoa gara erabakitzeko esparruetan eta botere arloan, ez gaude behar bezala ordezkatuta ekonomia eta politika aldetik balioa duten eremuetan, iraupen luzeko langabetu multzo handiena osatzen dugu, soldata kaxkarrenak ditugu, baldintza txarreko kontratuak egiten dizkigute eta gizarte-laguntzak jaso behar izaten ditugu. Eta beste emakume batzuen egoera okerragoa da oraindik: etxeko langileak, etorkinak eta prostitutak; hauek ez dituzte gainerako langileek dituzten eskubideak ere, eta, gainera, gizartearen zati handi baten iritzirako, patriarkatuaren gaitz-aztarna osatzen dute. Txirotasuna emakumeok pairatzen dugu.

Horregatik guztiagatik, emakume guztiei dei egiten diegu: heterosexualei, lesbianei, transexualei, hemen jaio edo handik etorritakoei, eskubideak dituzten edo ez dituzten langileei. Elkar gaitezen eta egin dezagun Gutuna denok batera. Beste mundu bat posible dela pentsatzen dugulako, askatasunean, berdintasunean, elkartasunean, bakean eta emakumeenganako justizian oinarritutako mundu bat, eta hori lortzeko, indarra eta matxinada beharrezko direlako... GORA EMAKUMEON BORROKA!!!

MOBILIZAZIOAK MARTXOAREN 8an: Mugimendu feministako koordinadorek antolatuta

  • Bilbo: 19:30ean Arriagan

  • Gasteiz: 19:30an San Antonen

  • Iruñea: 20:00etan Gaztelu Plazan

  • Donostian: 19:30ean Bulebarrean

  • Baionan: 18:00etan Herriko Etxean

  • Hazparnen: 19:00etan Eliza Plazan