Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta pobreziaren aurkako elkarretaratzea egin da Euko Legebiltzarraren aurrean

2018/06/13
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mobilizazioa antolatu du Eusko Legebiltzarraren aurrean. Deialdiaren helburua, pobreziaren eta gizarte bazterketaren kontra martxan jarri duen Legegintzako Herri Ekimena (LHE) bultzatzea izan da. Era berean, apirilaren 27an EAJk eta PSEk Diru-Sarrerak Bermatzeko Lege proposamenean jasotzen dituen murrizketak salatu dituzte.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren bozeramaileek adierazi dutenez, instituzioek ez dute egiten euren esku dagoen guztia herritarroi kalitatezko babes sozial publikoa bermatzeko, ezta pobreziaren eta bazterketa sozialaren kontra borrokatzeko ere. “Horregatik herri ekimen legegilea bultzatzen ari gara, instituzioen eta politika publikoen lehentasuna ezin direlako bankuak, enpresa handiak eta espekulatzaileak izan, lehentasuna herritarrak izan behar gara”.

Bestalde, apirilaren 27an EAJk eta PSEk Diru-Sarrerak Bermatzeko Legearen aldaketa proposamena aurkeztu zuten. Oso une garrantzitsuan gaude. Etorkizuna jokoan dugu oinarrizko kontu batean: gure jendartean zenbateko diru-sarrera minimoak bermatu nahi ditugu, eta diskriminaziorik gabe jasotzeko eskubidea. Horregatik, premiazkoa da mobilizazio soziala bultzatzea.