Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak manifestazioak deitu ditu martxoaren 14rako Iruñea eta Bilbon

2015/02/19
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak manifestazioak deitu ditu martxoaren 14rako Iruñea eta Bilbon
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten sindikatu -ELA tarteko- eta eragile sozialeko ordezkariek martxoaren 14rako Iruñean eta Bilbon deitutako manifestazioetan parte harzeko deia luzatu zuten atzo Iruñean egindako agerraldian. Eragileok "krisi delakoa aitzaki hartuta, Nafarroako Gobernuak bere kideen nahiz jendarteko gutxiengo aberatsenaren aldeko neurriak hartu dituela urte hauetan zehar" salatu zuten.

Euskal Herriko Karta Sozialen aldeNafarroan lanean ari diren sindikatu eta eragile sozialen agiria:

14M Aldaketa Soziala orain. Badago alternatiba.

Krisi delakoa aitzaki hartuta, Nafarroako Gobernuak bere kideen nahiz jendarteko gutxiengo aberatsenaren aldeko neurriak hartu ditu urte hauetan zehar. Zerbitzu publikoak eraitsi egin ditu gutxi batzuen negozio bihurtzeko. Gogoan har ditzagun, esaterako, ospitaletako sukaldeen pribatizazio lotsagarria, foru administrazioan egondako enplegu suntsiketa, hezkuntzako langileen murrizketa, arlo orotan egondako aurrekontu baliabide eza. Behar sozialetarako aurrekontuak murrizten zituzten bitartean, eurak eta euren lagunak diru publikoaz jabetu dira, alferrikako obrak eginez (Arena Pabiloia, Xabierreko Auditorioa, Urantziako Zirkuitoa, AHT, aireportuaren zabalpena...) edo bereziki Opus Deiren osasun arloko negozioak sustatuz. Ez dute inolako lotsarik izan, murrizketak ezartzen zituzten bitartean, errenta handiei eta Kapitalari zergak jaisteko.

Horri guztiari ustelkeria eta kudeaketa negargarria gehitu behar zaio. Nafarroako Kutxa zena, ustezko enplegu planak edota gaizki deitutako elkarrizketa sozialean parte hartzen duten erakunde patronal eta sindikalen prestakuntza txiringitoak ditugu horren adibide.

Gehien dutenen horien etekinak handitzearren, Espainiako legebiltzarrak legeak aldatu ditu soldatak jaitsi, kaleratzea erraztu eta bazterketa arriskuan dauden pertsonen prestazio sozialak murrizteko.

Politika horien guztien ondorioz, pobrezia hedatu da, desberdintasunak areagotu dira, banketxeek lapurtutako etxebizitzen kopurua handitu da eta jendartearen gehiengoaren bizi baldintzak okertu dira. Espainiako Konstituzio saindu eta ukiezina egun batetik bestera aldatu dute, baliabide finantziero publikoen bidez banka kriminalaren hondoratzea eragozteko.

Dramatikoa bezain jasanezina den egoera honen aurrean, instituzio publikoek ez dituzte politika publikoen, aurrekontuen eta fiskalitatearen norabidea errotik aldatzeko beharrezko neurriak hartu.

MOBILIZAZIORIK GABE, ALDAKETARIK EZ

Krisiaren sortzailea den sistema kapitalistaren mesedetan ari den gutxiengoari aurre egiteko kalera atera beharra dago. Kontrabotere gisa eta ikuspegi kritikoz arituko den aliantza sindikal eta sozial indartsuan sinisten dugu, botere politikoaren nahiz instituzioen aurrean premia sozialak zeintzuk diren argi azaltzeko. Azken urteetan Nafarroan mobilizazio sozialak biderkatu dira eta oposizio parlamentarioaren aldetik kolektibo sozial zabalen interesentzako mesedegarriak diren legeak onar daitezen lortu da. Lege horien kontra auzitara jo dute Gobernu ordezkaritzak eta Nafarroako Gobernuak berak. Hemen erabaki nahi dugu. Agiri hau babesten dugun erakundeok nafar herritargoaren eta bere instituzioen askatasunez erabakitzeko eskubidea defendatzen dugu, eragiten dion gai sozial, ekonomiko, laboral nahiz politikoei dagokionez.

PROGRAMA SOZIALA

Eskubide Sozialen Karta nahiz askotariko jatorri, esperientzia eta erreferentzia ideologikodun mugimendu sozial eta sindikalek bat egin dugu. Nafarroan aldaketa soziala eskatzen aritu gara bai arloz arlo baita orokorrean ere. Orain instituzioak nahiz eremu politikoa interpelatzera goaz, jarraian azaltzen diren neurriak biltzen dituen Programa Soziala ezarri dezaten. Instituzioei neurri horiek aplikatzea exijitzen diegu, horretarako beharrezkoak diren konpromisoak bereganatuz eta horiek bete daitezen beharrezkoak diren baliabide finantzieroak bideratuz.

Bizitzaren jasangarritasuna erdigunean jarriko duen jendarte eredua posible da. Programa Sozialean bildutako neurriekin aurrerapausoa eman nahi dugu norabide horretan. Hona hemen hainbat adibide:

Aberastasunaren banaketa. Zorraren gaineko auditoria. Progresibitatea ezartzeko erreforma fiskala. Iruzurraren eta paradisu fiskalen kontrako borroka erreala. Espainiako Gobernuak ezarritako aurrekontu mugapenak eta murrizketak ez onartu, instituzioek ezarritako murrizketa injustuak atzera bota. Osasun, hezkuntza eta babes sozialeko zerbitzu publiko propio, kalitatezko eta unibertsalak garatu. Pobreziaren mugaren gainetiko diru-sarrera bermatuko duen prestazio soziala. Etxebizitzarako eskubidea.

Kalitatezko enpleguaren sorrera. Soldatak nabarmen igo, bereziki baxuenak. Lanaldia 35 ordura murriztu. Aparteko orduak ezabatu. Erretiro adina aurreratu. Gutxieneko Soldata berria ezarri, Europako Gutun Sozialaren ildoan. Enegia eta finantza sektoreetan baliabide eta kontrol publikoa sustatu.

Bizitzaren jasangarritasuna eta ongizatea. Pertsonak, herriak nahiz natura, multinazionalen etekinen gainetik daude. Zainketa lanen aitortza eta banaketa, baldintza laboral eta sozialetan parekidetasuna bermatzeko. Genero, adin, aukera sexual, dibertsitate funtzional edota jatorri nazionalaren araberako diskriminazio ororekin amaitu. Emakumearen eskubide erreproduktibo eta sexualak, haurdunaldiaren borondatezko etenerako eskubidea osasun sistema publikoan. Emakumezkoek pairatzen duten zanpaketa eta bortizkeria ekiditeko neurri eta politika integralak. TTIPari ez. AHT gelditu, baita “autopista elektrikoa”, Esako urtegiaren zabalpena, frackinga eta Nafarroako ubidea ere.

Demokraziaren eta eskubide kulturalen defentsa Ez eskubide murrizketei, Mordaza legeari, isun errepresiboei, kode penal berriari. Egia, justizia, aitortza, erreparazioa eta oroimen historikoaren berreskurapena. Euskararen eta kulturaren normalizazioa, Vascuence Legea bertan behera utzi. Erabakitzeko eskubidea alor ekonomiko eta sozialean, bestelako jendarte eredua eraiki ahal izateko.

Jendartearen parte hartzearen bermea R Instituzio guztiak berregituratu, jendarteak politika ororen erabaki eta kontrolean demokratikoki parte hartu ahal dezan. Nafarroako Gobernuak bere politikak aplikatzeko sortu dituen egitura klientelarrak bertan behera utzi (Moderna Plana, Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua, e.a.).

Aipatu dugun bezala, neurri hauek posible egiteko, mobilizazioa da gure bidea. HORREGATIK, jendarte osoari dei egiten diogu orain eta hemen konpromisoak har ditzan, nafar herritar orori agiri honetan jasotzen diren eskubide sozialak bermatzearren beharrezkoa den erabaki politiko eta instituzionalen prozesua sustatzeko.

Programa Sozial honekin bat egiten dugun eragile sozial eta sindikalek manifestaziorako deia egiten diogu nafar jendarteari, mobilizazioa funtsezkoa baita benetako aldaketa politiko eta sozialari ateak irekitzeko; nafar jendartea gero eta indar eta premia handiagoz aldarrikatzen ari den aldaketa, hain zuzen ere.

Manifestazioa Antoniutti Parketik aterako da, martxoaren 14ko 17:30etan, eta Gaztelu Plazan amaituko.