Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako sindikatuek gizarte agenda eta erabakitzeko eskubidea exijitu dute

2020/02/05
Euskal Herriko –ELA eta LAB–, Galiziako –CIG– eta Kataluniako –CSC– sindikatuak Bilbon bildu dira euren nazioetan eta Espainiako Estatuan bizi den egoera laboral, sozial eta politikoa sakon aztertzeko asmoz. Estatuan dagoen garai politiko berriaren aurrean, zuzenean interpelatzen dituzten hainbat gairi buruzko diagnostikoa eta proposamenak xehe-xehe jorratu nahi izan dituzte.

Aurkeztu duten agiri bateratuan azpimarratu dutenez, “gure nazioetan gertatzen den lan- eta gizarte-prekarizazio prozesua aurrera doa etengabe, eta bizitzaren esparru guztietara hedatzen ari da. Gure ustez, egungo sistema ez da jasangarria. Horren arrazoia gobernuen austeritate-politiketan bilatu behar dugu, gobernuen agenda neoliberalak sistemaren beraren premiazko trantsizio sozial, ekologiko, feminista eta demokratikoa alde batera utzi du, gobernu autonomikoen oniritziaz eta babesaz”.

Estaturik gabeko hiru naziotako sindikatuak diren einean, bat etorri dira, halaber, Espainiako estatuaren krisiaz duten kezkarekin. “Nabarmentzekoa da, alde batetik, eskuin muturraren gorakada eta arku politikoaren zati handi baten autoritarismorantz lerratzea. Eta bestetik, autodeterminazio-eskubidea onartzeko konponbide politikorik ez egotea”.

PSOE eta Unidas Podemosen arteko koalizio Gobernurako akordioa ere izan dute hizpide. ELA, LAB, CIG eta CSCko sindikatuetako ordezkari gorenek –Mitxel Lakuntza, Garbiñe Aranburu, Paulo Carril eta Carlos Sastre, hurrenez hurren– lau puntu aldarrikatu dituzte:

  1. Agenda sozial jakin bat prestatzea, pentsio-erreformak eta lan-erreformak lehengoratzeko; eta bestelako politikak hedatzea, genero-berdintasuna ziurtatzeko, soldaten eta pentsioen eroste-ahalmena berreskuratzeko, zerbitzu publikoak mantentzeko, eta gizarte-eskubideak babesteko, eta lurraldearen arabera eta sozialki bidezkoa izango den trantsizioa.
  2. Lan harremanen, pentsioen eta babes sozialaren sistemaren eredua gure eremuan erabakitzeko eskubidea eskatzen dugu. Gure herrialdeetako lan-baldintzak negoziatzeko eskubidea aitortu behar zaigu, negoziazio kolektiboaren erreformak indargabetuz, lan-harremanen estatalizazioari hauspo eman baitiote, eta ondorioz, prekarietatea eta soldata apalak are gehiago hedatu dira.
  3. Agenda demokratizatzaile zabal bat, eta horren barruan, berehala indargabetu behar dira mozal legea eta Zigor Kodearen 315.3 artikulua, zeinaren bidez mugimendu sozial eta sindikala, greba, protesta eta aldarrikapena kriminalizatu baitira.
  4. Politikari lehentasuna ematea, gure nazioak eta estatua elkarren aurka jartzen dituzten gatazkak onbideratzeko orduan, eta ildo horretatik, politikaren judizializazioa amaitutzat jotzea, Kataluniako preso politikoak aske uztea, euskal eta galiziar preso politikoei aplikatzen zaien salbuespenezko espetxe-politika bukatzea, eta autodeterminazio-eskubidea aitortzea.

Agiria sinatu duten erakundeek ziur daude horrelako agenda batek bakarrik, asmo handikoa eta ausarta denak, geldiarazi dezakeela Europan eta Espainiako Estatuan hedatzen ari den neofaxismoa. “Jakin badakigu sindikatuok ere funtzio demokratizatzaile garrantzitsua dugula. Borrokaren, sindikalismo borrokalariaren, langile klasearen bultzada antolatu eta militantearen balio zibilizatzailean sinesten dugu. Uste osoa dugu elkarrizketa eta kontzertazio soziala deiturikoak ez direla konponbideak errealitate larri honetatik ateratzeko; aitzitik, bidegabekerien aurrean amore ematea eta desmobilizatzea bilatzen dute”.

“Garai hauetan –gaineratzen du txostenak– sortzen ari diren borroka ugariak (pentsiodunak, feminismoa, klima-mugimendua, lan-gatazkak eta grebak...) gizartearen alderik onena sustatzeko tresna baliagarriak dira, elkartasunezko erreferentziak goraipatzen baitira beraietan, kapitalak sustatzen dituen isolamenduaren eta indibidualizazioaren aurrean”.

Azkenik, sindikatu sinatzaileek egungo sistema errotik aldatzeko asmo irmoa erakutsi dute. Horretarako konpromisoa hartu dute justizia sozial eta ekologikoan, feminismoan eta lanaren eta aberastasunaren banaketa bidezkoagoan oinarritutako eredu baten alde borrokan jarraitzeko.

“Demokrazian eta subiranotasunean aurrera egiteak esparru sozioekonomiko propioa eraikitzea ahalbidetuko digu, gure baliabideei buruz erabakitzeko gaitasuna izango duena. Gainera, benetako garapen ekonomiko jasangarria ekarriko du, gure nazioetako bakoitzean lan-harremanen eta gizarte-babesaren esparru propio batean”.

AGIRI BATERATUA