Euskal Herriko Laborantza Ganbararen miaketaren inguruan

2005/10/06

Jean-Noël Etcheverry. Manu Robles Arangiz Fundazioaren Ipar Euskal Herriko arduraduna

Mixel Berhokoirigoin Baionako Polizia Egoitzan galdekatua izateko jasotako zitazioak eta EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganbarak Ainhize-Monjoleseko egoitzan izandako miaketak astindu handia sortu du. Irailaren 22an, Prefetak Estatuaren ordezkari gorenak, aurkeztutako salaketaren aurrean, Baionako Fiskaltzak ikerketa bat hasi zuen, EHLGk Nekazaritza Departamenduko Ganbera ofizialaren lekua hartu nahi duela frogatu asmoz.

Mixel Berhokoirigoin Baionako komisarian galdekatua izateak oihartzun handia piztu du Iparraldeko sektore askoren artean, eta Frantziako Estatua Laborantza Ganbararen aurka egiten ari den etengabeko eraso bortitzen artean beste urrats bat bezala ulertu dute sektore horiek.

Mixel Berhokoirigoin eta bere lana aho batez errespetatua eta aitortua da Ipar Euskal Herrian. Bere ibilbide pertsonala, betidanik ekintza sindikal publikoan eta indarkeria mota guztien aurkako ukazioan oinarritua, albisteak Iparraldean sortu duen astinduaren garrantzia ulertzeko ezinbestekoak dira. Mixel Berhokoirigoin Iparraldeko hauteskunde sindikaletan gehiengoarekin hautatutako nekazal ordezkaria izan zen, eta goi mailako hizketakidearen papera hartu du, Barne eta Lurraldeko Antolakuntzako ministro Nicolas Sarkozyrekin, esaterako.

Ainhize-Monjoloseko Laborantza Ganbararen miaketak ere haserre handia eragin du. EHLGk argitaratutako eta publikoak diren dokumentuak miatzera polizia bidali izanak Laborantza Ganbararen aurkako kriminalizazio ahalegina agerian uzten du, ekimen hau babesten duten taldeak ugariak eta ezberdinak diren arren. Abertzale askoren babesetik hasita Frantziako eskuineko hautetsi askoren sustengua duen ekimena da EHLG, Alderdi Sozialistako zein ELB edo CFDT sindikatuen ordezkari askoren babesa ere baduena. Frantziako poliziak miatu zituen dokumentuak publikoak izateaz gain, Iparraldeko edozein lekutan aurkitu daitezke.

Estatuak, Prefetaren bidez, lehenago ere eraso egin zion EHLGri. Bere garaian, ekimen honen sustatzaileei eta ia Iparraldeko alkate guztiei mehatxuz betetako karta ezagun bat bidali zien Prefetak, urtarrilaren 15ean Ainhize-Monjoloseo egoitzaren inaugurazioaren bezperetan. Eskutitz horretan, ekimen juridikoak hasteko mehatxua egin zien sustatzaile eta diru laguntzen bidez proiektua finantzatzen duten alkateei. Gauzak horrela, azken hilabeteetan Prefetak 27 udalen aurkako kereilak jarri ditu Epaitegi administratiboan; udal horiek, amenazo guztien gainetik ekimena diruz laguntzea erabaki zuten.

Irailaren 22an EHLGren proiektua legez kanpora-tzeko Prefetak emandako urrats berri hau bereziki larria da. Izan ere, EHLGk proposatzen duen borroka moldea eredugarria da; indarkeria baztertzen du, eta proposatzen duenak, Ipar Euskal Herrirako Laborantza Ganbara bat, Iparraldeko alkateen %70aren sustengua du. Baliabide propioekin, Euskal Herrian bultzatutako eta sustatutako baliabideekin, Frantziako Estatuak espreski arbuiatutako erakunde horrek bete beharko lituztekeen eginkizunak aurrera eramateko egitura gauzatzea lortu ahal izan da; Euskal Herriaren errealitate eta beharretara lotutako nekazaritza jasangarri bat garatzea. Estatuaren jarrera erasokorra Iparraldean gutxieneko garapen bat izateko aukerei dagokionez etxipena eta frustrazioa soilik eragin zezakeen.

Prefetak egoera kakazteko duen borondatearen gainetik, EHLGren administrazio kontseiluak haserre logika horretan ez sartzeko deia egin du publikoki; era berean, probokazioen aurrean erantzunetan ez sartzeko deia ere egin du.

Kontuak kontu, Iparraldeko nekazal inguruko sektore ugarik hasitako lanak bilatzen dituen helburuak lortzeko borondatea berretsi du EHLGk, herritarren hainbat beharren zerbitzuetara dagoen erakundearen lana beteaz eta nekazari gehienen kezkak aseaz. EHLG-ren Lagunak elkarteak, bien bitartean, EHLGren aldeko diru laguntzen bilketa hasiko du datozen egunetan, Estatuaren erasoei erantzuteko dagoen modurik onena.