Euskal Herriko langileei 1.400 euroko gutxieneko soldata dagokie

2023/02/01
Espainiako Lan Ministerioak CCOOrekin eta UGTrekin 1.080 eurotako Lanbidearteko Gutxieneko Soldata adostu du. Akordio horrek erabat mugatzen du Hego Euskal Herriko batez besteko soldataren %60ko langara iristea.

Bi urteotan, Lanbidearteko Gutxieneko Soldatak %0,6ko erosahalmena galdu du, KPIa %12,2 hazi baita eta gutxieneko soldata soilik %11,6.

Urtea

KPI

LGS

Ald.

2021

6,5%

3,6%

-2,9%

2022

5,7%

8%

+2,3%

Emaitza

+12,2%

+11,6%

-0,6%

Europako Gutun Sozialak gomendatzen du gutxieneko jornala batez besteko soldataren %60tik gora kokatzea. Espainiar Estatuak 2021ean sinatu zuen nazioarteko akordio hori eta Ministerioak, patronalak eta Estatuko sindikatuek Lanbidearteko Gutxieneko Soldata horren arabera eztabaidatu dute. Lan Ministerioari Aholku Batzorde Tekniko batek egindako gomendioen arabera, 2023rako LGS 1.046 eta 1.082 euroen artean kokatu behar zen.

Espainiako Lanbidearteko Gutxieneko Soldatak ez die erantzuten Hego Euskal Herriko langileen beharrei, hemen batez besteko soldataren %60 1.400 euro baita. Gainera, enpresak irabazi oso handiak izaten ari dira eta KPI handiak bereziki eragiten die soldata txikiak dituzten langileei. Ondorioz, ez da onargarria %8ko gutxieneko soldata igoera, elikagaien prezioa %15 hazi bada.

Kontuan izan behar da gutxieneko soldata jasotzen duten langileen %40 inguru etxeko langileak direla, ia guztiak emakumeak. Gutxieneko soldata hemendik aurrera Espainiako batez besteko soldataren %60rekin mugatzeak ekarriko du emakume horiek pairatzen duten soldata arrakala betikotzea, orokorrean, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata jasotzen duten langileak pobreziara kondenatzea. Unidas Podemos oposizioan zela, gutxieneko soldata %22 handitzea adostu zuen gobernuarekin. Unidas Podemos gobernuan denetik eta igoerak Elkarrizketa Sozialeko Mahaian adosten direnetik igoerak askoz ere baxuagoak dira. Are gehiago, azken bi urteetan gutxieneko soldatak %0,6ko erosahalmena galdu du.

ELAk exijitzen du gutxieneko soldata lurralde bakoitzaren egoeraren arabera ezar dadila. Besteak beste, EAEn gutxieneko soldata aplikatzen zaien 55.000 langileek (ez dago Nafarroako datu ofizialik) Hego Euskal Herrian bizitzeko moduko soldata behar baitute.