Euskal kutxa bat, Euskal Herriarentzat

2010/07/27
Kutxetako ordezkariek eta kudeatzaileek azkenean hartzen duten bidea edozein izanik ere, “banku bihurtzeko” edo “pribatizatzeko” aukerak alde batera utzi behar dira, ELAren iritziz.

Kutxen lege berria eta sektorea berrantolatzeko prozesua direla-eta, ELAk BBKn, KUTXAn, VITALen eta CANen dituen atal sindikalok hurrengo adierazpen hauek egiten ditugu:

Kutxen Lege berriak bere zio-azalpenean honela dio:  “Aurrezki-kutxek funtsezko eginkizuna betetzen dute gure finantza-sisteman eta gure gizarte-sarean... gizarte-eginkizun hori betez interes orokorraren alde egin izan dute... eta horrela gizarte-izaera sakoneko finantza-erakunde gisa finkatzeko joera dute...” 

Baina legean barrena, kutxen gizarte-ekintza gehiagotan aipatu arren, kutxak pribatizatzeko hainbat bide irekitzen da. Horietako  bat “finantza-negozioa” banku baten bitartez egitea da. Baina banku horren akzioen %50etik gora kutxaren jabetzakoak izan behar dira. Hala ere, eta aldaketaren zorroztasuna kamustearren, banku horri kutxaren izena eman ahal izango zaio, bezeroen gomutan irauteko. Bigarren aukera kutxa desagertzea da, eta negozioa zuzenean banku bati eskualdatu. Eta banku horren akzioen etekinei esker bultzatuko da kutxaren lehengo gizarte-ekintza.

ELAren ustez lege berriak saihestu egiten du, nahita, aurrezki-kutxen helburu nagusia; zeren, haietako bakoitzaren eraginpeko lurraldean aberastasuna eta ongizatea sortzera bultzatu beharrean, eta  batez ere berezko duten gizarte-ekintza garatzera bultzatu beharrean, lehentasuna ematen die ekitaldiko etekinei, ranking-ean lorturiko mailari, eta estatistikei. Gure ustez egin behar den apustua, ordea, bezeroen aldekoa da, errentagarriak ez diren bezeroak ere kontuan hartuz. Horien guztien etorkizuna aurrera ateratzen lagundu ahal izango dugu-eta.

Lege berria atera baino lehen hasi zen kutxen mapa berria osatzen, bategite klasikoak eta bategite birtualak ondo bereiziz. Hor ditugu, adibide, CANek egindakoa, bere eraginpeko lurraldea gaindituz, eta BBKrena, CajaSur xurgatuz.

Ondorioz:

Kutxetako ordezkariek eta kudeatzaileek azkenean hartzen duten bidea edozein izanik ere, “banku bihurtzeko” edo “pribatizatzeko” aukerak alde batera utzi behar dira, ELAren iritziz. Orain dela gutxi arte baztertzen zena orain bide bakarra dela sinestarazi nahi digute, eta hori kezkatzeko modukoa da guretzat. Horregatik, besteak beste, uko egin genion Nafarroako Kutxaren SIPari.

Gure kutxen jatorria Euskal Herrian dago. Jatorrizko konpromiso haren arabera, Euskal Herri osorako aberastasuna sortu behar zuten. Alde horretatik, bertako kutxak eta haien interesak Euskal Herritik zuzentzea eta gidatzea nahi dugu, dela kutxa bakoitza bere aldetik, dela bateginda. ELAren gogoko kutxa, bakarra da, gizarte-izaerakoa, herritarren zerbitzurakoa, eta orientabide neoliberaletatik apartekoa, kudeaketa-eredu gardena duena, eta gure herritarren garapena eta ongizatea helburu duena. 

Egindako mugimenduak ikusita, ELAren lau atal sindikalok euskal negoziazio-esparrua eskatzen dugu. Ez dugu sostengurik emango ezein eragiketari, baldin eta Euskal Herriko kutxetako langileen oraingo lan-baldintzen kaltetan badoa.