Euskal kutxetako hitzarmenaren lurralde-esparrua erabakitzeko langileei kontsulta bat egitea eskatuko du ELAk

2011/09/07
Datorren irailaren 12an izango den euskal kutxen mahai laboralaren bileran ELAk BBK, Kutxa eta Vitalen dituen atal sindikalek zuzendaritzako zein beste sindikatuetako ordez-kariei konpromiso bat eskatuko diete: erreferendum bidez kutxentzat Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan diharduten langileei kontsulta egitea, hitzarmenaren lurralde-esparrua erabakitze aldera.

Negoziatzeko euskal esparrua eskatzea ez da berria; aurten BBKko enpresa-batzordeek hala eskatu dute, ELA, LAB eta ASPEMen eraginez, eta euskal lurraldean dauden BBKko langileen %70ak sinatu du honen alde. 

Kutxetako zuzendaritzek ukatu egiten dute behin eta berriz bertoko langileen artean gehiengoak aldezten duen esparrua, eta honen atzean asmo bakarra dago, lan-baldintzak okertu eta merkatzea. Hain zuzen, ELAk salatzen du hiru kutxetako hitzarmen kolektiboen negoziazioa sine die etenda dagoela, zer gertatuko den ikusteko. Bitartean, langileek ez dute inongo eguneratzerik jasotzen eta erreibindikazioak geldituta daude.

ELAk datorren bileran berriro galdegingo du akordio laboralak zuzeneko zein zeharkako plantilla osatzen duten lanpostuak bermatu behar direla, eta kutxetako lan-baldintzak berdindu egin behar direla, sindikatu honek Mahai Laboralaren lehen bileran eskatu zuen legez.

ELAk uste du euskal kutxak banku bihurtzea hankasartze larria dela, horrela kontrol publikoa duen finantza-tresna bakarra desagertzen baita eta helburu sozial eta publikoak deuseztatzeko urratsa delako; hots, bankarizazioarekin aurrezki-kutxak sortzeko asmoa galduko litzateke; hasieran kutxak irabazi asmorik gabeko erakunde gisa sortu ziren, herria garatzeko eta klaserik xeheenekiko elkartasun tresna gisa.

Gure kutxa ereduak kudeaketa garden eta publikoa izan behar du, eta ez da interes alderdikoien mende egongo, ez botere interesak asetzeko erabiliko ere (horixe gertatu baita bat egiteko beste saioetan).