KIMIKEN SEKTOREA

Euskal patronalei asko gustatzen zaizkie Espainiako hitzarmenak

2024/02/13
Aurreko Landeiak Hego Euskal Herriko industria kimikoaren sektorearen koiunturari buruzko erreportaje zabala bildu zuen. Hego Euskal Herrian ia 24.000 langile dituen sektore hori gure hitzarmenak hemen negoziatzearen eta negoziazio kolektiboaren estatalizazioaren aurka borrokatzearen garrantziaren adibide argia da.

2024an berriro negoziatu behar da Kimiken estatuko hitzarmena. Gogora dezagun ELAk, CCOOk, LABek eta UGTk akordioa lortu zutela EAEko patronalei eta Confebaski berari dei egiteko, sektore horretarako lehen hitzarmen autonomikoa negoziatzen hasteko. Ekimen horren aurrean, EAEko patronalek eta Estatuko FEIQUEk mahaia osatzeari uko egin ziotela eta Kimiken Estatuko hitzarmenari atxiki zitzaizkiola jakinarazi zuten abenduaren 26an. ADEGIk, CEBEKek, SEAk eta Confebaskek adierazi zuten Madrilen patronalak eta estatuko bi sindikatuek aurreko hitzarmenean adostu zutela ezin dela probintzia edo autonomia-erkidego mailako negoziaziorik hasi.

Unai Martinez Industria eta Eraikuntza federazioko idazkari nagusiak nabarmendu du ELAk ez duela onartzen gure jendeari bere lan-baldintzak ezartzerik. “Euskal patronalek, herriarekin eta gizartearekin konprometituta daudela dioten horiek, estatalizazioaren alde egiten dute, eta horrek soldata baxuak, lanaldi luzeak eta prekarietatea dakartza. Enpresek irabaziak metatzen dituzten bitartean, ez dute kategoria batzuetan gutxieneko soldata oso gutxigatik gainditzen duen hitzarmena aplikatzeko arazorik. Egoera horren aurrean, mobilizatu beste erremediorik ez digute uzten”.

CCOO eta UGT teorian eremu probintzialak irekitzearen alde dauden EAEn ez bezala, Nafarroan egoera bestelakoa da. Martinezen ustez, ulertezina da sindikatuen adostasun bera ez izatea Nafarroan hitzarmen probintzial bat negoziatzen hasteko. “Estatuko hitzarmena prekarietatearen sinonimoa da Nafarroan ere, eta ezin dugu onartu Foru Komunitateko 6.600 langileei beren lan-baldintzak duintzeko bidea hastea eragoztea. Hori lortzeko borrokatuko gara”.