Euskal Polizian sartu nahi duten hautagai umedunen eta diabetesa dutenen aldeko borroka irabazi du ELAk

Diabetesagatik diskriminatua
Orain arte, diabetesa zuten pertsonek ezin zuten hautaketa prozesuan parte hartu, ez bazen diagnostikoa ezkutatzen zutela. Aldaketaren ostean, azterketa medikuak deliberatuko du, kasuan kasu, hautagaiaren diabetes mailak eginbeharrak betetzea eragotziko dion ala ez.
Oinarrizko mailako agente izateko oinarriak lautan inpugnatu behar izan ditu ELAk, bai eta auzitara eraman behar izan ere. Arrazoia eman dio Justiziak azkenean sindikatuari: epaiaren arabera, diabetesa ezin da izan hautagaiak baztertzeko arrazoi nahikoa; pertsonaren balorazio indibidualizatua egin beharko da eta emaitzek, inolako zalantzarik gabe, ondorioztatu beharko dute gaixotasunaren ondorioz hautagaiak ezingo lituzkeela eginbeharrak bete.
Haurdun egoteagatik diskriminatua
Agente nagusi izateko lanean zegoen hautagai bati ukatu zioten, 2018an, proba fisikoak atzeratzea. ELAren laguntzarekin, demanda jarri zuen agenteak oinarrizko eskubideen urraketagatik, zegokion mediku txostena aurkeztua baitzuen. Arrazoia eman die agenteari eta ELAri epaileak, baina sindikatuak gogorarazi nahi du emakumeek diskriminazioa sufritzen jarraitzen dutela. Izatez, haurdun dauden emakumeek bi aldiz ordaindu behar dute inskripzioa, lehenik parte hartzen duten prozesuan eta, gero, proba fisikoak egingo dituzten prozesuan. Hori dela eta, ELAk dagokion administrazioari zuzendutako helegitea jarriko du, emakumeak diskriminatzen dituen eskakizuna desager dadin.
ELAk salatu du Eusko Jaurlaritzak lau urte behar izan dituela, arlo horretan ere, araudia aldatzeko, eta arestian aipatutako diskriminazio egoerari eusten diola. “Berdintasunaren aldeko publizitate kanpainen atzean errealitate gordina dago, eta hori aldatzeko lantokietan egunez egun borrokatu behar da”, esan du sindikatuak.