Euskal Preso Politikoen eskubideen aldeko ekintzetan parte hartzera deitu du ELAk
Era berean, afiliatuen eta gainerako langileen artean, bi mobilizazio horietarako deia egiteko esku orri bat egitea eta banatzea erabaki du. Aspaldidanik hartuta dauka ELAk euskal preso politikoen eskubideen aldeko konpromisoa, eta egokia iruditu zaio Nazio Batzordeari horien egoerari buruzko gogoeta propio bat plazaratzea momentu honetan.
Nazio Batzordearen gogoetaren berri eman dute Bilbon, Adolfo Muñoz “Txiki”, idazkari nagusiak eta Xabi Anza, formazio arduradunak.
Muñozen hitzetan, espetxe politikaren irizpide nagusia bengantza da, eta horren ondorioak, presoek ez ezik, familiek ere pairatzen dituzte. Bere esanetan, ezinbestekoa da presoen inguruan aurrerapausuak ematea normalizazio politikoa bideratu ahal izateko.
ELAk presoen oinarrizko eskubideen inguruko azterketarekin bat egiten du, hiru konkulkazio nagusi azpimarratzen dituelarik.
- Batetik, sakabanaketa. Oraindik ere, preso gehien gehienak Espainiako eta Frantziako kartzelatan sakabanatuta daude. Eta guk diogu, hau gizarte demokratiko bateko espetxe-politikak beharko lituzkeen printzipioen kontrakoa dela; eta gainera senideak ere zigortu egiten dituela, hauek milaka kilometroko bidaiak egin behar baitituzte senideak bisitatzeko.
- Bigarrenik, preso gaixoenganako tratua salatzen da. Bereziki behin eta berriz saihesten delako gaixotasun larri edo sendaezinak dituzten presoak kaleratzeko betebeharra.
- Eta hirugarrenik, baldintzapeko askatasuna ez dela aplikatzen gogoratzen da, zigorraren hiru laurden edo bi heren bete duten presoen kasuetan, kondenak ikaragarri luzatzen ari direlarik.