Euskal presoen eskubideen aldeko aldarri ozena Bilbon eta Baionan #OrainPresoak

2019/01/12
Aurten ere milaka eta milaka izan dira Sare eta Bakearen Artisauak dinamikek deituta euskal presoen eskubideen alde Bilbon eta Baionan kalera atera diren herritarrak. ELAk bat egin du manifestazioarekin, eta sindikatuko ordezkaritza zabala Bilbon eta Baionan izan da.
Espainiar estatuak, orain Sanchez buru duela, erabat bidegabea den espetxe politika aplikatzen jarraitzen du. Horren adibide da preso gehienak lehen graduan egotea, baita euren etxe eta senideengandik urrun izatea ere.
 
Urteetan zehar espainiar estatuko alderdi politiko nagusiek hitz eman zuten ETAk armak utzi eta desegiteko urratsa emanez gero, berehala egingo zirela urratsak espetxe politikan. Bada, ez da halakorik gertatu, ez behintzat urrats handirik. Hori dela eta, beharrezkoa da Euskal Herriko gehiengo politiko, sozial eta sindikalak aldarrikatzen duen oinarrizko justiziaren alde egitea.
 
Mobilizazioekin batera, beharrezkoa da hainbeste euskal herritarrek bizi dituzten bidegabekeria hauek gure herriko eragile politiko nagusien agendetan kokatzea. Injustia honek ezinbestean baldintzatu beharko luke espetxe politika krudel hau bermatzen duten indar politikoekiko harremana.
 
Horregatik gaur kalean izan gara, eta behar adina aldiz mobilizatzen jarraituko dugu.