Euskalduna Jauregiko azpikontratatutako langileek greba mugagabea abiatuko dute abenduaren 28an

2017/12/27
Euskalduna Jauregian azpikontratatutako zerbitzuak eskaintzen dituen Eulen enpresako langileek greba mugagabea iragarri dute abenduaren 28tik aurrera, lan baldintza duinak negoziatzeko helburuaz.

EULENeko langileen prentsa-oharra:

Euskalduna Jauregiari zerbitzu osagarriak eskaintzen dizkiogun langileok geure lan-baldintzak hobetu nahi ditugu.

EULEN enpresak Euskalduna Jauregiko zerbitzuak azpikontratatzen ditu, eta, guztira, 45 lagun gara azpikontratutako zerbitzuak eskaintzen ditugunak.

Orohar, aretoen muntaia eta desmuntaiaz arduratzen gara; laguntza teknikoa eskaintzen dugu; atezainen laguntzaile aritzen gara; bisitariak kokatzen ditugu, arropazaindegiaz arduratzen gara; ekitaldiak koordinatzen ditugu eta leihatilan ere egoten gara.

Helburu argi batekin antolatu gara: Euleni lan-baldintza duinak bermatu ditzala exijitzea.

Halere, eskatzen dioguna bermatzeko borondaterik ez duela ikusita, abenduaren 28tik aurrera greba mugagabean izango gara Euskaldunako Jauregian.

Eulen enpresan urte askotan lanean aritu eta gero, hauxe da gure egunerokoa:

  • Legeak ezarritako langa gainditzen duten lanaldiak.
  • Lan-egutegirik ez.
  • Plusak ez dira bermatzen; txanda aldaketei dagozkienak, gauez lan egiteagatik jaso beharrekoak, antzinatasunari lotutakoak…
  • Lanerako prest egon behar dugu edozein momentutan; ordutegia noiznahi aldatzen digute aldez aurretik abisatu gabe.
  • Soldata prekarioak, orain dela urte asko gaurkotu gabekoak.
  • Lan Osasuneko araudia ez da errespetatzen.
  • Iruzurra kontratazioetan.

ELA SINDIKATUAN EUSKALDUNA JAUREGIKO AZPIKONTRATATUTAKO LANGILEEN LAN BALDINTZA DUINAK NAHI DITUGU!