Euskaltel-eko langileen greba arrakastatsua

2013/12/16
Euskaltel-eko langileen greba arrakastatsua
ELA eta CCOO sindikatuen arabera "erantzun oso handia" ari da izaten Euskalteleko langileek gaurko deitua zuten greba deialdia. Izan ere, %90ko erantzuna izan du Euskalteleko langileen grebak. Grebalariek goizean manifestazioa egin dute Jesusen Bihotza plazatik Kutxabanken egoitzaraino. Bestalde, ELAk salatu du erabaki politikoen ondorioz, Euskaltel kapital pribatu espekulatiboaren esku geratu dela.

 

ELAk hasieratik salatu zuen (2011ko iraila) egungo Kutxabank eratzera eraman zuen bankarizazio prozesua. Besteak beste, sindikatuak salatu zuen horrela beste urrats bat egingo zela EAEko aurrezki-kutxak ohiko banku pribatu bihurtzeko, eta atzerapausoa, berriz, finantza-erakundeak gure herriko are produktiboarekiko eta proiektu estrategikoekiko.

Kutxabankek Euskaltelen erabaki duen desinbertsioa ELAk duela bi urte salatu zuenaren adibide garbia dugu. Orduan ere esan genuen Kutxabank bankarizatzeak erakundea bankuen legepean eragingo zuela, eta horrekin batera, ondorio oso kaltegarriak. Esan genuen zein urrats etor zitekeen, eta guztiak gertatzen ari dira.

ELAren iritziz erabakiotan ardura politikoa ezkutatu ezinekoa da:

  • Eusko Jaurlaritzak nahiago izan du dirua eskuratzeko Euskalteleko partaidetza saldu.

  • Kutxabankek Euskaltel kapital pribatuaren esku uztea erabaki du.

  • Eusko Jaurlaritzak eta Kutxabankek enpresa inbertsio-fondoen esku uztea lehenetsi dute; hauek xede bakarra dute, etekinik handiena eperik laburrenean lortzea, eta horrek Euskaltelen etorkizuna arriskuan jartzen du. Gainera, hori eginda atea ireki diote zergak ordaintzea saihesteko sortu den sozietate bati.

  • PSE-EE/PSOEk eta EAJk Euskaltelen gertatzen ari denarekiko erantzukizun handia dute.