Euskaltelek hamaika langile gehiago kaleratu ditu, enpresaren desegitea azkartuz horrela

2022/11/15
ELAk Euskaltelek egindako hamaika kaleratze berriak salatu ditu. Sindikatuaren iritziz, kaleratzeak “justifikaziorik gabekoak eta ankerrak” dira eta konpainia desegiteko estrategiaren ondorio baino ez dira. Aurten, %4an murriztu du plantilla Euskaltelek. Guzti honegatik, ELAk Eusko Jaurlaritzaren immobilismoa kritikatu du eta langileak beren lanpostuen alde mobilizatzera animatu nahi ditu.
Euskaltelek sail desberdinetan ziharduten beste hamaika langile kaleratu zituen joan den astean. Urtarriletik hona, %4an murriztu du plantilla euskal enpresak, antolakuntza eta ekoizpen arrazoiak argudiatuz, bai eta produktibitate murritza egotziz kaleratutako langileei.
 
ELAren iritziz, modu ankerrean eta justifikaziorik gabe kaleratu ditu Euskaltelek langileak, konpainia desegiteko estrategia baino ez jarraituta. MásMóvil-ek 2021eko uztailean Euskaltel erosi zuenetik, hogei langile baino gehiago kaleratu ditu zilegizko arrazoirik gabe, eta ez du suntsitutako lanpostu bat bera ere sortu. Argi dago, beraz, Euskaltel diru publikoarekin sortzeko eman ziren arrazoiak desagertu egin direla.
 
Euskaltelek gero eta gehiago begiratzen dio MásMóvil taldeari eta enpresaren estrategia Euskaditik kanpo kokatu du. Enpresako buruek etorkizunean doikuntza gehiago egongo direla adierazi dute ere. Lanpostuak mantentzeko zuten helburua EEPa egin eta aste gutxira desegin zen, eta joan den asteko kaleratzeek desegite-prozesua azkartu besterik ez dutela egiten erraz ikus daiteke.
 
ELAk gogorarazi nahi du Euskaltel erabaki politiko baten ondorioz eta diru publikoarekin sortu zela 1995ean. Eusko Jaurlaritzak kapitalaren %40a jarri zuen eta garaiko Aurrezki Kutxek gainerako %60a, euskal gizarteari zerbitzu publikoa emateko helburuarekin.
 
Azken urteotan pribatizazio prozesua geldiezina izan da, baina. 2012an kapitalaren %50,1a pribatizatu zen, tartean, ICV fondoak % 49,1a prezio ezin merkeagoan erosita. 2015ean, burtsara ateratzeko egindako balorazioarekin, ICVk bere akzio guztiak saldu zituen, jatorrizko prezioaren hirukoitza baino gehiago irabaziz. Ordutik, Euskaltelen kapitalaren %80a baino gehiago inbertsio-funtsen edo bestelako inbertitzaile pribatuen esku egon da. Eusko Jaurlaritza akziorik gabe geratu da eta Kutxabankek kapitalaren %20a baino gutxiago kontrolatzen du. 2019an, Zegona sartu zen Euskaltelen akziodun nagusi gisa eta, azkenik, esku pribatuetara igaro zen 2021ean.
 
Pribatizazio-prozesu horretan, Eusko Jaurlaritzaren utzikeria erabatekoa izan da. Ez dute defendatu ez enplegua, ez enpresak jaso duen diru publikoa, ez eta erabiltzaileentzako zerbitzua, sektore estrategikoa dela kontutan izanda, gainera.
 
ELAk dei egiten die Euskalteleko langileei EAEko lanpostuen defentsan aktiboki mobiliza daitezen, enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren immobilismoari erantzutea beharrezkoa baita enpresaren errotzea hemen mantendu eta enpleguak berma daitezen.