Euskararen aurkako eraso berria Nafarroan

2009/06/17
ELA Sindikatuaren iritziz, Nafarroako Gobernuak irrati emisorak ixteko emandako exijentzia, onartezina izateaz gain, informazio anitza eta kulturaren aurkako beste eraso bat da.

ELAren ustez, horrelako erabakiak esparru eta ekimen politikoan harturikoak dira, Gobernuaren informazio ildoarekin bat ez datozen aukerak eragozteko asmoarekin.

Sindikatuaren ustetan, Gobernuak Iruñerria euskarazko irratirik gabe utzi nahi du, emisioak galaraziz edota irratiak itxiz, Euskal Herria Irratiaren kasuan bezala.

Honela, ELAk gogorarazten duenez, UPNren gobernu guztien ezaugarri izan da komunikabide jakin batzuen aurka jotzea, beraz, itxiera hauen inguruan arrazoi teknikoak direla medio esateak, sinesgarritasuna falta du.

 

Nahikoa da gobernu hauen curriculum luze eta lotsagarriari so egitea (aurrekontu politika itogarria, lizentziak ukatzea, egunkarien zentsura liburutegietan, etb.) benetako arrazoiak aurkitzeko.

ELAk Nafarroako Gobernuari euskararen aurkako politika baztertzea exijitzen dio, eta informazio pluralitatea bermatzea emisora lizentziak baimenduz.

Azkenik ELAk bere elkartasuna eta Gobernuaren diskriminazio eta bazterketa pairatzen duten emisoretako langileekiko hurbiltasuna adierazten du.