euskara
Euskararen Dekretuak Nafarroako herritarren hizkuntza eskubideak urratzen dituela salatu du ELAk

ELAk Euskararen Legea aldatzea beharrezkoa ikusten du, Nafarroa osoan euskaraz hitz egiten duten pertsonek eskubidea izan dezaten hizkuntza-eskubide guztiak garatzeko, baita Administrazioarekiko harremanetan ere. Administrazioetako langileen kasuan ere, lan-jardueran euskaraz egiteko eskubideak ere bermatua egon behar du.
Nafarroako Gobernuak 2023ko abenduan Merituen Dekretua -ELAk gogor kritikatu zuena- aintzat hartzea onartu ondoren, Nafarroako Kontseiluak "neurriz kanpokotzat" jo zuen euskarari Osasunbidean ematen zitzaion balorazioa, eta Funtzio Publikotik Mahai Orokorreko sindikatuei beste dekretu-proposamen bat helarazi ziguten, gaur onartu dena.
ELAk deitoratu du dekretu berriak ELAk atzera botatako alderdi guztiei eusten diela:
-
Eremu ez-euskaldunean euskara meritu gisa desagertzen da, baina ingelesa, frantsesa eta alemana kontuan hartu ahal izango dira.
-
Zerbitzu zentralen kontzeptua desagertzen da, hots, Nafarroa osoari zerbitzua ematen diotenak, kokatuta dauden tokia edozein dela ere.
-
Eremu mistoko edozein lanpostutarako euskararen gutxieneko balorazio bat desagertu da.
Horrez gain, Dekretuak ezabatu egin du Osasunbideko osasun-lanpostuetarako eremu mistorako balorazio generikoa – aurreko zirriborroan jasotzen zena –. Erredakzio berriaren arabera, bai Osasunbidean, bai Administrazioaren gainerako eremuetan, deialdietan "banaka aztertuko da" euskara zein plazatan baloratuko den. ELA kezkatuta dago Kontseilari bakoitzak, Departamentu bakoitzak, interpretazio murriztaileak eta arbitrarioak egiteko izango duen tarte zabalagatik. Era berean, euskararen normalizaziorako kaltegarriak diren interpretazio horien aurrean, Dekretuak ez du heldulekurik eskaintzen Departamentu bakoitzari euskararen balorazioan gutxieneko bat eskatzeko.
ELAren iritziz, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren 2019ko epaiak, Nafarroako Kontseiluaren irizpenak eta azken dekretu honek agerian uzten dute euskararen lege berri bat onartu behar dela, Nafarroa osoan euskara ofizial aitortuko duena, egungo zonifikazioa ezabatuko duena eta pertsona guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko balioko duena.