Euskotren

Euskaraz lan egin eta zerbitzua euskaraz izan dadin eskatzeko elkarretaratzea egin dute

2024/09/17
UGTk 2022ko Euskotreneko estabilizazio prozesueko hizkuntza eskakizunaren kontrako epaiketa egin da gaur Bilboko epaitegietan.

Euskotreneko ELAko atal sindikalak elkarretaratzea deitu eta parte hartu du beste sindikatuekin batera Bilboko epaitegien aurrean. Izan ere, gaur egin da UGT sindikatuak Euskotreneko 2022. urteko EPE estabilizazio prozesuko euskara eskakizunaren aurka aurkeztutako inpugnazioaren epaiketa. Elkarretaratzearekin langileek salatu dute UGT sindikatuaren jarrera eta erabakia, zerbitzu publikoetan gutxieneko euskara maila bat eskatzearen aurka agertu baita berriro ere.

Halako erasoek zuzenean urratzen dituzte hizkuntza eskubideak. Euskotreneko langileek euskaraz lan egiteko eskubidea dute, eta erabiltzaileek euskarazko zerbitzua jasotzekoa.

Euskararen normalizazioan eta zerbitzu publikoen euskalduntzean pausoak eman behar diren honetan, guztiz tokiz kanpo daude halako salaketak. ELAk berriro ere eskatzen du zerbitzu publikoak euskalduntzeko eta langileek kontsolidazioa bultzatzeko neurriak hartzea, denon eskubideak bermatzeko.