Eusko Irratiaren EEE-aren kontsulta-aldia amaitu da, akordiorik gabe

2015/04/23
Eusko Irratiaren EEE-aren kontsulta-aldia amaitu da, akordiorik gabe
ELAk eskatzen du Eusko Irratiaren erregulazio-espedientea erretiratzea, horretarako arrazoirik ez dagoelakoan. ELAren iritziz enpresak alegatu dituen arrazoiak —ekonomikoak eta antolamenduzkoak— ez dira behar bezala frogaturik geratu.

Eusko Irratiaren EEEa negoziatzeko azken bilera egin zen atzo , eta ez zen akordiorik lortu. Beraz, orain Eusko Irratiaren Zuzendaritzak erabaki beharko du zer egingo duen: 30 langile kaleratu eta 30 lanpostu amortizatzea edo, bestela, EEE erretiratzea. Azken bileran sindikatu guztiok —ELA, LAB, ESK eta CCOO— eskatu dugu EEE erretiratzea.

ELAren iritziz enpresak alegatu dituen arrazoiak —ekonomikoak eta antolamenduzkoak— ez dira behar bezala frogaturik geratu. Izan ere, egindako bileretan frogatu ahal izan dugunez, argudiaturiko arrazoi ekonomikoak ezin dira halakotzat hartu, eta antolamenduzkoak ez dira arrazoi bat, EITBren Administrazio Kontseiluak 2014ko apirilaren 29an hartu zuen erabaki politikoaren ondorio bat baizik. Orduko erabaki hura EAJ-PNVren, EH-Bilduren, LABen, Euskaltzaindiaren eta Eusko Ikaskuntzaren aldeko botoekin hartu zen. Orduko erabaki haren ondorioz 30 lanpostu amortizatzen ziren, hala dago jasota Administrazio Kontseiluaren aktetan.

Horren eraginez Eusko Irratian nabariko den ondorioa hauxe izango da: eskaintzen den produktuaren kalitatea gutxituko da, murrizketarik murrizketa gutxituz joan den kalitatea, eta horrela aitortu du Zuzendaritzak berak zera esan duenean: produktua ez da horren zuzenekoa izango, emankizunak errepikatuko dira, eta zuzeneko orduak gutxituko dira.

Zuzendaritzari eskatu diogu EEEa erretiratzeko, horretarako garaiz gaude-eta; baina osterantzean, auzibidera joko dugu, erregulazio-espedienterako arrazoirik ez dagoelakoan.