Eusko Jaurlaritza enplegu publikoa suntsitzen ari da oraindik, eta Madrilgo aginduak bere horretan betetzen ditu

2014/01/29
Jaurlaritzak dekretuz inposatzen du lanaldia eta aldi baterako ezintasun kasuetako osagarriak; negoziatzeko borondaterik ez duela erakusten du, eta murrizte politikak itsu-itsuan jarraitzen ditu.

Atzo Eusko Jaurlaritzak EAEko funtzio publikoan diharduten 80.000 langileentzat dekretuz ezarri dituen lanaldia eta aldi baterako ezintasun egoeretarako borondatezko hobekuntzak esan nahi dute eutsi egiten diola murrizte politikari, enplegua suntsitzeko erabakiari eta Madrilgo politikak bere horretan betetzeko asmoari.

Azken dekretu honek urratu egiten du Mahai orokorrean 35 orduko lanaldiari buruz hitzartutakoa; iaz lanorduak luzatu zituen dekretuarekin jarraitzea esan nahi du -milaka lanpostu publiko suntsitu zituen dekretua-, eta aldi baterako ezintasunari dagokionez Rajoyk 2012ko uztailean gai honekiko ezarri zuen dekretuaren kopia hutsa da.

ELAk gogora arazi nahi du euskal funtzio publikoaren Mahai Orokorretik joan ginela gobernu honek lanaldiari buruz ezarri zuen dekretua bertan behera utzi nahi izan ez zuelako, eta Gasteiz zein Madrilgo gobernuek erabakitako murrizketak salatzeko.

ELAk berriro exijitzen du 35 orduko astea berreskura dezatela; amai dadila behingoz enplegu publikoa suntsitzeko erabakia; atzera egin dezala egindako murrizketetan, eta kalitatezko zerbitzu publikoen alde egin dezala.

Halaber, eskatzen dugu urtarrileko nominan ITZARRIrako ekarpena egin dadila, EAJk eta PPk Madrilen adostutako zuzenketa beteaz.

Azkenik, mobilizaziora deitzen dugu, bera baita politika hauek errotik aldatzeko ezinbesteko tresna.