Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Publikoari erasoekin darrai

2010/09/25
Soldata murrizketak aplikatu ondoren, gobernuak lanpostuen amortizazioak, lan-kargen handitzea eta bajak estaltzerakoan atzerapenak planteatzen ditu.

Eusko Jaurlaritzak atal berri bat ireki du zerbitzu publikoen eta gure kasuan hezkuntza publikoaren aurkako bere erasoan. Funtzio Publikoko Zuzendaritzaren “2010erako langileria gastuaren murrizketarako” instrukzioan zera dio, besteak beste:

·  5 egunetik gorako ordezkapenak besterik ez dira baimenduko, beti ere aldez aurretik baja 5 lan-egunetik gorakoa izango dela ziurtatzen bada. Ordezkapenak egin daitezkeen ikastetxeen zerrenda bat ateratzeko mehatxua ere luzatzen du administrazioak.

·  Sorturiko hutsuneek edo lana handitzeak sorturiko eginbeharrak gainerako langileek betetzea behartzen du.

·  Proiektu zerbitzu eginkizun berririk ez da baimenduko.

·  Baimenak zerbitzu beharren arabera moldatuko dira.

·  Administrazio osoan eta modu orokorrean antolakuntzarako ezinbesteko ez diren lanpostu guztien amortizazioa plantzeatzen dute, berdin izanik lanpostuak jaberik duen ala ez. 2010. urtean erretiro, heriotza edo erabateko ezintasunagatik hutsik geratzen diren lanpostuak desegiteko proposamena.

·  Lanpostu berrien sortzea ere bertan behera geratzen da.

Administrazio publiko osoan gauzatuko dituzten neurri hauek guztiak izugarrizko mehatxua suposatzen dute hezkuntzako langile guztientzat. Izan ere, bidea libre uzten baitio Hezkuntza Sailari bere aplikaziorako eta bere osotasunean edo partzialki ikastetxeetan gauzatuz gero, egoera kaotikoak sortuko dira zentroetan: gutxienez 5. egunera arte ordezkatu gabeko bajak, lanpostuen deuseztea eta lan-kargen gehitze handia.

Aurreko ikasturtean Sailak garbi utzi zuen ikasturte berrirako beharrei aurre egiteko lanpostuetan murrizketa latzak egiteko asmoa eta ordezkapenetan nahiz prestakuntzan aurrezteko borondatea. Horren ondorio izan zen CC.OO eta UGTrekin gutxiengoan sinaturiko irakasle funtzionarioentzako akordioa.

Kurtsoa abiatzearekin Hezkuntza Saila hasi da murrizketak gauzatzen eta instrukzioan agertzen diren hainbat neurri aplikatzen. Hezkuntza Sailburuak sinestarazi nahi digunaren kontra ordezko ugari (800 inguru) ez dira irailaren 7ra arte lanean hasi, honela guztien astebeteko soldata aurreztuz, eta bajek, jardunaldi murrizketek edo baimenenek sorturiko hutsuneak ez dira ia astebetera arte betetzen ari. Honi, jada martxan jarri duten, hainbat sukalde-lanpostu desegitearen asmoa gehitu behar zaio, sukalde zerbitzua azpikontratatuz.

Neurri hauekin administrazioak eskuak libre nahi ditu bere nahiaren arabera plantillak moldatu eta murrizteko, nahi dituen lanpostuak amortizatzeko eta honek eragindako ondorio eta lan-kargak gainerako langileen bizkar botatzeko. Besteak beste ikastetxeetako garbiketa, sukalde edota menpeko langileen funtzio eta zerbitzuak azpikontratatzeko bidea ireki nahian dabiltza.

Langileok eta orokorrean gizarteak, are gehiago krisi egoera honetan, sistema publiko eta eskola publiko indartsu bat behar dugu, plantilla egokiarekin, egonkorra, hezkuntzaren kalitatea eta ikasle bakoitzarenganako dedikazio nahikoa bermatuko duen lan-kargen banaketarekin… Orain arte gobernu ezberdinek jarraituriko politikek sorturiko gabeziak hezkuntzako langileen profesionaltasunak estali ditu, baina Jaurlaritzak luzaturiko eraso honek egoera jasangaitza bihur dezake.

Hain zuzen ere, hezkuntzako gabezia eta prekarietatea zuzentze aldera Lopezen gobernuak 2009ko Mahai Orokorreko akordioan hezkuntzarako LPZ-etan 2.500 lanpostu ateratzeko konpromisoa hartu zuen (1.000 2010erako), 1.500etan aurreikusiriko lanpostu huts begetatibo betetzera (500 2010erako) eta oposaketetara 3.600 plaza ateratzera (gutxienez 1.200 2010erako). Instrukzio honekin eta hartzen ari den erabakiekin ordea, hitzarturikoa erabat hankaz gora jartzeaz gain, sistemaren gabezia eta beharrak areagotzen dira, langileen lan-kargak gehitzen dira eta lan baldintza okertzen. Finean, hezkuntzaren kalitatea eta irakaskuntza publikoa bera ere arrisku bizian jartzen dute. Badakigu nortzuk ordainduko dituzten erabaki hauen ondorioak: hezkuntza arloko langileek eta ikasle eta hauen gurasoek.

ELA neurri hauen erabat kontra agertzen da, egoera hauek antzematen dituzten heinean salatzera gonbidatzen ditu langileak eta erasoak eskatzen duen tamainako erantzuna emateko lan egitera konprometitzen da.