Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den suteen prebentzio eta itzaltze lege aurreproiektua erretiratzea eskatzen du ELAk
ELAk arbuiatu egiten du Eusko Jaurlaritza tramitatzen ari den suteen prebentzio eta itzaltze Lege Aurreproiektua eta berehala bertan behera uztea exijitzen du. Eusko Jaurlaritzak, legearen tramite parlamentarioak hasteko, datorren hilaren 13an Euskal Funtzio Publikoko kontseiluan aurkeztuko du Lege Aurreproiektua.
ELAk salatzen du, Aurreproiektu hau suhiltzaile langileak kontutan hartu gabe egin dela eta alde oso larriak dauzkala:
1.- Zerbitzua pribatizatzea ekarriko du. Ez du enpresa pribatuetako suhiltzaileen lan eremua mugatzen. Zerbitzuak pribatizatu eta kanporatzeari atea zabalik uzten dio, inguruko zerbitzu askotan gertatzen ari den bezala.
2.-Lan baldintzan prekarizazioa: Lanaldi partzialeko suhiltzaileak eta suhiltzaile-laguntzaile figurak sortzen dira. Honek, lan baldintzen prekarizazioa ekarriko du.
3.- Ez du suhiltzaile zerbitzuaren funtzioak eta helburuak zeintzuk diren ondo argitzen.
4.- Koordinazio komisioan alde sindikalaren presentzia eskasa.
5.- Arkauten zentralizaturiko formakuntza. Zerbitzuen beharrak kontutan hartu gabe, formakuntza Arkauten zentralizatzen da. Arkauteko akademiaren egituran zerbitzuan adituak diren langileak egotea ezinbestekoa deritzogu.
6.- Taldeen birklasifikatzerik ez: Bere garaian Euskal Legebiltzarrak suhiltzaile en taldeak birklasifikatzea onartu zuen, larrialdi zerbitzua izaki udaltzain eta Ertzaintzan bezala, homologatzeko. Lege aurreproiektu honek ez du horrelakorik erregulatzen.
Guzti honegatik, ELAk, Lege aurreproiektu hau berehala erretiratzea exijitzen du eta datorren astelehenerako, hilak 13, kontzentrazio bat deitu du Lakuan, 10:30etan. Suteen prebentzio eta itzaltze zerbitzuko langile guztiei dei egiten diegu kontzentraziora joan daitezela Lege aurreproiektu honen aurkako jarrera azaltzeko.