Eusko Jaurlaritza solaskide sindikalik gabe geratu da negoziazioko mahai orokorrean
Orain dela urtebete, ELAk eta LABek laga zuten Mahaia, negoziatzeko borondate eskasa zelakoan, eta Mahai horretan eskainitakoa Estatuaren proposamenen kalko hutsa zelakoan. Oraingo honetan, gainerako sindikatuek ere bat egin dute gurekin, eta Gobernua solaskiderik gabe geratu da.
ELAren iritziz, “gaur gertatu dena Gobernuak lan-harremanekin egin duenaren isla besterik ez da. Idoia Zenarruzabeitiaren taldearentzat negoziaziorik onena negoziazio-eza da. Urteak daramatzate negoziatu barik. Hitzarmenak gutxiengoan sinatuz edo dekretu bidez ezarriz nagusitu izan dira azken urteetan”.
Orain, sua piztu duen txinparta negoziazio kolektiborako eskubidea urratu nahi izatea izan da, Aurrekontu Legean artikulu bat sartuz, lanaldiaren alderdi bat arautzeko asmoz. “Gobernuak ez ditu onartu nahi 6 egunen aldeko epaiak, eta negoziatzeko gai ez direnez, bide-zidorretik abiatu dira”. ELAk artikulu hori Aurrekontu Legetik kentzeko eskatu du, eta Gobernuak hiru ezetz eman ditu: “kendu ahal ez, kendu nahi ez, kendu behar ez”, “mahaitik jaiki gara, negoziatzeko benetako borondaterik ez dagoela ikustean”.
ELAren ustez larria da, baita ere, Administrazioaren funtsezko arazoak Gobernuak aztertu nahi ez izatea. Hor dauzkagu bitarteko langileen tasa handia (%30); enplegu publikoa argaltzeko joera, agentziak eta fundazioak sorraraziz; etengabeko azpikontratazioak; eta abar.