Eusko Jaurlaritzak 38 langile Lanbideko akordiotik baztertu nahi dituela salatu du ELAk
Gaur, irailak 29, irailean burututako Lanbideko 3. Mahai sektorialaren bilera izan dugu.Gobernuak hainbat erabaki hartu ditu sarri sindikatuon iritzia aintzat hartu gabe orain arte. Adibidez, irailaren 8an sindikatuon oniritzirik gabe onartutako LPZ (Lanpostuen Zerrenda)..
Hala ere, ELAk, bai bilera honetan, bai aurreko guztietan ere, proposamenak egiten jarraitu du, negoziazio aukerarik txikienari ere eutsiz, Lanbideko lan gatazkari bukaera emateko asmoz.
Gobernuak irailean aurkeztu dizkigun proposamenetan aurrera pausu batzuk badiren arren, gure aldarrikapen nagusiak konponbiderik gabe jarraitzen dute. Hala, gobernuaren azken proposamenari erreparatuta, soldata eskala bikoitza ezartzen da, epai bidezko mugagabeko lan legepeko langileen egonkortasunerako formularik ez du zehaztu gobernuak, ez da lan legepeko langile finko guztien funtzionarizazioa onartzen, baina batez ere, ez da bermatzen RGIko langile guztiek lanean jarraitzeko aukera izatea, eta ondorioz, egitarau horretako 38 langile lanposturik gabe gera litezke.
ELAk hasieratik esan du, argi eta garbi, Lanbideko langile guztiei lanpostuak bermatu behar zaizkiela, eta ez dugula kaleratzerik onartuko.
Gobernuak biharko egunerako beste bilera batera deitu digularik, azkena sailburuordearen hitzetan, ELAk negoziazio prozesuan azken hatseraino luzatuko du eta azken proposamen bat luzatuko diegu, Lanbideko langile guztiei lanpostuak bermatzeko helburuarekin