Eusko Jaurlaritzak adarra jotzen die herri-administrazioko langileei soldata %1 igota

Eusko Jaurlaritzak esaten du eredu dela, eta langile publikoentzako igoeraz harro dagoela; haatik, Espainiar Gobernuak Estatuko aurrekontu orokorretan ezarritakoari men egin dio, besterik ez; gainera, beste autonomia-erkidegoek honez gero %1a beren langileei ordaindu diete.
Eusko Jaurlaritzaren iragarpena testuinguru jakin batean dator: Gobernuak euskal administrazioko negoziazio kolektiboa txikituta utzi du, Mahai Orokorreko akordioak behin eta berriz ez baititu bete; 2012an kendutako aparteko pagaren erdia zor du oraindik; Itzarrirako ekarpenik ez du egiten duela sei urtetik hona, horretarako inolako oztopo legalik ez dagoen arren; baja egoeretan murrizketei eusten die, eta prekarietatea hedatzen ari da, langileen herena aldi baterako edo bitarteko egoeran baitago.
ELAk salatu du Jaurlaritzak oraingoan ere lehenik hedabideei eman diela informazioa; argi dago langile publikoei ez diela inolako errespeturik, eta ez duela arlo publikoko langileen negoziazio kolektiborako eskubidea ontzat ematen, ez errespetatzen.
ELAk Eusko Jaurlaritzari galdegin dio berehala dei dezala mahai orokorra, sinatutako akordioak betetzeko eta murriztutako eskubideak berreskuratzeko; gainera, negoziatu egin behar da galdu den erosteko ahalmena bere onera ekartzea eta arlo publikoan kalitatezko 35.000 lanpostu egonkor sortu eta finkatzea.