Funtzio Publikoa

Eusko Jaurlaritzak adierazi du ez duela parte hartuko ELAk deitutako Mahai Orokorrean

2025/01/29
Ezezkoak adierazten duen autoritarismoa salatu du ELAk. Egoeraren larritasuna ikusirik, otsailaren 3ko deialdiari eutsi dio ELAk.

Eusko Jaurlaritzak adierazi du ez duela parte hartuko ELAk otsailaren 3rako Funtzio Publikoan deitutako Mahai Orokorrean. Eusko Jaurlaritzaren hitzetan, azken Mahai Orokorrean Gobernuak berak jarritako egutegia beteko du, eta, horren arabera, hurrengo bilera martxoaren 18an izango da. ELAren ustez, bere egutegiari eutsi nahiak agerian uzten du Eusko Jaurlaritzaren autoritarismoa. Izan ere, arlo pribatuan sindikatuek askotan deitzen dituzte bilerak, eta normalena da patronalak horietan parte hartzea. Eusko Jaurlaritzaren kasuan, ordea, ez da horrela izaten eta euren deialdietara mugatzen dira. ELAk salatu du honek erakusten duela Eusko Jaurlaritzak negoziazioak nola ulertzen dituen, hau da, nahi duenean eztabaida daitekeela soilik, eta sindikatuek euren eztabaida markoan aritzeko aukera besterik ez dutela.

Egoeraren larritasuna ikusirik, deialdia otsailaren 3an egitea ezinbesteko jotzen du ELAk. Orain arte, Eusko Jaurlaritzak behin eta berriro adierazi du (azkena, azaroaren 27ko Mahai Orokorrean) gai batzuei buruz ez dagoela negoziatzerik Estatuko legediak ez duelako horretarako aukerarik ematen. Alabaina, Mahai Orokorreko esparru batean, Ertzaintzan, erdietsi den akordioak erakutsi du borondate politikoa dagoenean posible dela Espainiako legediaren mugak gaindituta negoziatzea. Zergatik da posible ertzainekin, baina ez irakasleekin, erizainekin, medikuekin, administrariekin edo Jaurlaritzako abokatuekin?, galdetzen du ELAk.

ELAri ulergaitza egiten zaio Eusko Jaurlaritzak negoziazioa martxoaren 18raino atzeratu nahi izatea. “Zergatik galdu nahi du denbora Jaurlaritzak? Atzerapen honek ez du inolako arrazoi objektiborik; ez badira otsailaren 27ko bilerara etortzen agerian geratuko da negoziaziorik ez dutela nahi”, gaineratu du Eizagirrek.

ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio jarrera aldatu dezan eta astelehenean bileran agertu dadila, beste sindikatuekin hitz egindakoaren arabera, ELA eta Mahai Orokorreko beste partaideak zain izango ditu. Era berean, ELAk adierazi du Eusko Jaurlaritzak otsailaren 3ko bileran parte hartzen ez badu, beharrezkoa izango dela beste mobilizazio dinamika bati ekitea.