Eusko Jaurlaritzak, Aldundiek eta EAJ-k Rajoyrekin iritsitako akordioek doikuntza politikari eusten diote eta autogobernuaren aurkako erasoa dira

2017/07/26
Gastu-arauak esan nahi du euskal erakundeek ezin izango dutela gastua gehitu, ez eta diru-sarrera nahikoak badituzte ere. Gauza bera gertatuko litzateke ondorengo urteetan salatu du ELAk. Espero baino sarrera handiagoak izanez gero, zor publikoaren ordain aurreratura bideratu beharko lirateke; honek inbertsio soziala haztea galaraziko luke. ELAk indar politiko progresistei eskatzen die akordio hau arbuia dezatela. Politika honi oposizio politiko eta soziala egitea ezinbestekoa dela deritzo.

Uztailaren 11n Rajoyren gobernuak, EAJren botoari esker, gastu-muga delakoa ezarri ahal izan zuen; muga honek benetan espainiar estatuko administrazio guztien erabakitzeko ahalmena baldintzatzen du, baita Hego Euskal Herrikoena ere (Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Foru Aldundiak eta Udalak).

Akordioa baloratu zuenean ELAk iragarri zuen bezala, Eusko Jaurlaritzak hiru egun eskas behar izan zituen hitza emateko 2018an bere defizitak BPGaren %0,4 ez zuela gaindituko. Halaber, Jaurlaritzak agindu du defizit muga 2019an BPGaren %0,1ekoa izango dela, eta 2020an erabat ezabatuko duela. Rajoyren gobernuak defizit muga hau datozen hiru urteetarako autonomia-erkidego guztiei inposatu die; aurkako botoa eman dute PSOEren agintepean dauden autonomiek, Kataluniak eta Kantabriak.

Akordioa 2017ko uztailaren 19an sinatu zen Ekonomi Itunaren Batzorde Mistoan (erdaraz CMCE), zeina Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta EAEko hiru Aldundiek osatzen duten. Akordioko beste puntu batzuk ere agerian uzten dute Eusko Jaurlaritzak jarraitu egingo duela politika neoliberalak, doikuntzak eta murrizketak aplikatzen. PPk estatu mailan ezartzen duen eredu antisozial bera da:

Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiek hitz eman dute “gastu-araua” izenekoa beteko dutela. Gogoratu beharra dago PPk eta EAJk uztailaren 11n iritsi zuten akordioan zer adostu zuten: administrazio guztien (eta beraz, baita Hego Euskal Herrikoen) aurrekontua gehienez %2,4 nominala haziko da 2018an. Honek esan nahi du ekonomiaren hazkunde nominala baino askoz gutxiago gehituko direla -hau %5 inguruan egon liteke-, eta ondorioz gastu publikoaren pisua ekonomian jaitsi egingo da.

Eusko Jaurlaritzak berretsi egin du muga hori betetzeko eman duen hitza. Izan ere, uztailaren 19an CMCEn adostu zena lotuta dago Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen 2017-2018 Plan Ekonomiko-Finantzarioarekin. Plan hau ez dute ezagutzera eman. Berari buruzko aipamen ezagun bakarra Ardura Fiskaleko Agintaritza Independentearen (AIReF) webgunean agertu da; estatu mailako erakunde honek aztertzen du ea Jaurlaritzak gastu-araua betetzen duen ala ez. Airef-en agiriaren arabera, Eusko Jaurlaritzak aurreikusten du bere gastua 2018an %2 besterik ez dela gehituko; Rajoyk ezarritakoa baino are gutxiago, beraz.

Aurten EAEko ogasunak uste baino diru gehiago ari dira biltzen (datu hau urte amaieran konfirmatu beharrekoa da). Alabaina, gastu-arauak esan nahi du euskal erakundeek ezin izango dutela gastua gehitu, ez eta diru-sarrera nahikoak badituzte ere. Gauza bera gertatuko litzateke ondorengo urteetan. Espero baino sarrera handiagoak izanez gero, zor publikoaren ordain aurreratura bideratu beharko lirateke; honek inbertsio soziala haztea galaraziko luke. Absurdura ere irits liteke egoera: erakunde batek amortizatzeko zorrik izan ez eta beharrizan sozialak edo inbertsioak egin beharrean egon arren, bildutako diru gehigarria aurreztu egin beharko luke.

Ekonomi-Itunaren edukietako bat urratzen da horrela. Betidanik esan izan digute Itunak euskal erakundeei diru-sarrerak beren esku izateko aukera ematen diela, zertan gastatu erabakitzeko. Haatik, gastu-araua horren aurkakoa da. Zertarako dira diru-sarrera gehigarriak ontzat emanez gero gastua ezin dela hazi?

Eusko Jaurlaritzak gastu-araua eta zorra ordaintzearen lehentasunari eutsiz gero, zerbitzu publikoei kalte eragingo die eta gizarte-prestazioak murriztu egin beharko ditu. Osasungintzan edo irakaskuntzan Europako batez besteko aurrekontuetara hurbildu ordez aldea handitu egingo da. Gainera, doikuntzak ez du etenik izango, beheranzko lizitazioen poderioz (honek azpikontratetako lan-baldintzak okertzen ditu); arlo publikoan negoziazio kolektiboa ukatuaz; enplegua suntsituaz...

Horrenbestez, hauek dira gure ondorioak:

EAJk bere botoekin gastu publikoa mugatzeko politikarekin jarraitzeko aukera ematen du, era berean zorraren ordaina erakundeen beste jardunbideen gainetik lehenetsiaz; erakunde guztien eskumenak mugatu egiten dira, bide batez. Politika hau 2011n Konstituzioko 135. artikuluaren erreformarekin hasi zen, eta 2012ko Aurrekontu-Egonkortasun eta Finantza-Sostengarritasun Lege deitoragarria izan zen bere emaitza.

Erabaki hauek onartzea beharrezko urratsa da doikuntza politikak eta esparru sozialeko murrizketa gogorrak aplikatzen jarraitzeko.

Eusko Jaurlaritzak 2018-2020 epaldirako onartzea Rajoyk beste Autonomia-Erkidegoei inposatu dien defizit muga berberak (aurreko ekitaldietan egin izan duen moduan), eta gainera gizarteari saldu nahi izatea “akordio” hori aldebikotasunaren fruitu dela adar jotze hutsa da. Nolanahi ere agerian uzten du ustezko aldebikotasunaren mamia: Madrilek inposatzen duena onartzea; honek berdinen arteko harremana baino areago dirudi sumisioa.

CMCEko akordioek EAEko erakundeei beren aurrekontu-politika erabakitzeko ahalmena kentzen diete; hau Ekonomi-Itunaren eta autogobernuaren aurkako eraso argia da.

ELAk salatu egin nahi du euskal erakundeek hainbesteko garrantzia duen gai honi buruz ez dutela informazio nahikorik eman, ez dutela gardentasunez jokatu. Izan ere, botere politiko eta ekonomikoak bere norabide neoliberal eta antisozialean haratago joan nahi du honelako politikak ezarriaz. Herritarren ezjakintasuna mantenduaz jarrai daiteke politika hauek aplikatzen.

ELAk galdegiten die Hego Euskal Herriko erakundeei beren aurrekontuak egiterakoan aintzat har ditzatela dauden beharrizan sozialak, eta ez dezatela onartu gastu-arauaren muga.

ELAk indar politiko progresistei eskatzen die akordio hau arbuia dezatela. Politika honi oposizio politiko eta soziala egitea ezinbestekoa dela deritzogu. Ezin da onartu Kupoaren inguruko eztabaida gainerako aurrekontu- eta zerga-politikarekin nahastea, PPk eta EAJk beren posizio antisoziala finka dezaten; hala EAJk PP Madrilen babesteko, nola PPk EAJ eta PSE-EEren gobernua sostengatzeko.