Arabako zahar-egoitzetako langileen greba, gutxieneko zerbitzuen %100arekin

2020/10/07
Eusko Jaurlaritzak ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek Arabako zahar-egoitza pribatuetan deitutako hiru greba egunetatik lehena galaraztea erabaki du; izan ere, gutxieneko zerbitzuen % 100 dekretatu du, eta horrek sektoreko langileen greba eskubidea eragozten du. Deialdia egin duten sindikatuek gogor kritikatu dute erabakia, eta helegitea aurkeztea aztertzen ari dira. Arratsaldean manifestazioa deitu dute, senide, pentsiodun eta erakunde feministekin batera, 18:30ean Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuta. ELAk gizarte osoa animatu du parte hartzera eta gaur egun grebaren bidez beren eskubide legitimoak erreklamatu ezin dituzten langileei ahotsa jartzera.

ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek hiru eguneko greba deialdia egin dute eta mobilizazio ezberdinak egin dituzte sektorean, patronala Arabako zahar-egoitza pribatuen hitzarmen probintziala negoziatzera behartzeko. Dagoeneko 15 hilabete baino gehiago igaro dira Arabako diputatu nagusiarekin lehen bilera egin zenetik, eta ia urtebete lurraldeko zahar-egoitza handienekin azken bilera egin zenetik.
Sindikatuek enpresen pasibotasuna eta Diputazioa bera salatu dituzte; izan ere, langileen (gehienak emakumeak) zaintza eta lan baldintzen sektorean prekarietatea salatzeko mobilizazioak hasi zirenetik ez dute mugimendurik egin.
Hurrengo greba egunak azaroaren 11n eta 25ean izango dira.