Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontu proiektuak gastuan murrizketa gehiago ekarriko ditu

2013/11/05
Proiektu honen arabera, Eusko Jaurlaritzak 2014an burutuko duen gastua 2012koa baino zerbait baxuagoa izango da, eta gainera, 2014an, 2012. urtean baino 427,2 milioi euro gehiago bideratuko ditu zorraren ordainketara.

Beraz, gobernuaren benetako gastua datorren urtean, zorraren ordainketa kenduz, 2012koa baino %8,3 baxuagoa izango da. 2014an beharrizan sozialak 2012koak baino are handiagoak direla kontutan izaten badugu, argi dago Eusko Jaurlaritzaren aurrekontua hauek ordaindu izateko kopurutik oso urruti geratuko dela.

Urkulluren aurrekontu proiektua bat dator PNV eta PSE-EE-PSOEk adosturiko akordioarekin, ELAk iruzur sozial bezala baloratu zuena. 2012ko gastu mailara itzultzea nahikoa izango litzatekeela sinistaraztea gezurra da. Patxi Lopezen Gobernuak murrizketa sozial garrantzitsuak burutu zituela gogorarazi beharra dago (Eusko Jaurlaritzak 350 milioi eurotan murriztu zuen bere gastua 2009tik 2012ra, bereziki gizarte gastua).

2014ko aurrekontua, onartu ere egin ez zen 2013rako aurkezturikoarekin alderatzea ere, gizartea engainatzeko beste era bat da, eta onartuak izan ez arren, Urkulluren gobernuak 2013ko aurrekontu proiektuan espero zuen gastu maila burutu duela erakusten du.

Beraz, 2014ko aurrekontu proiektua bat dator krisia areagotzera, eta langabezia, pobrezia eta ezberdinatasun sozialak handitzera eraman duten politika publikoen parte izan diren aurrekontu politikekin. Nahikoa da datu batzuk ikustea:

  • 2014rako osasungintzarako aurreikusitako gastua 2009koa baino 157 milioi euro baxuagoa izango da.

  • Hezkuntzarako aurreikustako gastua 2014an, 2009koa baino 66 milioi euro baxuagoa izango da.

  • 2014an etxebizitzarako aurreikusitako gastua 2009koaren erdia izango da (114 milioi gutxiago).

  • Aurrekontu proiektuak, beste behin ere, pertsonalaren soldataren izoztea, enplegu publikoaren murrizketa, eta sektore publikoan azken urteetan inposaturiko lan baldintzen murrizketen mantentzea planteatzen du, beste behin ere.

Aurrekontu proiektu hau Finantzen Euskal Kontseiluan 2014rako Eusko Jaurlaritza eta 3 Aldundien artean finkaturiko diru bilketa aurreikuspenekin ere bat dator. Aurreikuspenok bidegabeko zerga politika mantentzea eta murrizketa politikekin jarraitzea suposatzen dutela ere adierazi zuen ELAk.

Arrazoi guzti hauek direla eta, 2014rako Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektua arbuiatzen du ELAk, eta Hego Euskal Herriko erakunde guztiak aplikatzen ari diren aurrekontu eta zerga politikaren errotikako aldaketa eskatzen du.