Eusko jaurlaritzak, bertan izaten eta diruz laguntzen, bere sostengua eskaini dio Confebask-en erreformen gaineko interpretazio atzerakoiari
Bai gobernuak, bai Confebaskek harmoniaren eta bake sozialaren mezuak igortzen dizkiote gizarteari, noiz eta lan-baldintzak objektiboki guztiz prekarioak direnean, noiz eta bien egitura-apustua prekarietatearen aldekoa denean. Prekarietatea gaur egun sektore pribatura nahiz publikora hedatu da, sekula ez bezalako neurrian.
ELAk, gainera, azpimarratu nahi du gobernuak Confebaski emandako laguntza hori bi lan-erreforma gogorren ondoren gertatu dela. Lan-erreforma horien ostean, lan-baldintzak erabakitzeko ahalmena patronalaren aldera lerratu da, oreka erabat galduta. Hala ere, gobernuak, gertaera hori aintzat hartu beharrean, patronalaren aldeko mezuak zabaltzen ditu, prekarietatea diru publikoaz bultzatuz, bere ardurapeko esparruetan prekarietatea hedatuz, lan-iruzurra bilatzeari utziz, eta enpresei gero eta zerga gutxiago ordaintzen lagunduz.
Gobernuak gogoan duen euskal gizartean dauden eragile bakarrak “administrazioa, enpresak eta pertsonak” dira. Ez, ordea, sindikaturik; ez boterea orekatzeko erakunderik, legeek patronalari eta gobernuei ematen dieten boterea orekatzeko erakunderik ez.
Patronalak, bere aldetik, “enpresa-eredu berria” du gogoan, enpresariaren eta langilearen arteko harremana artez eta banan-banan sustatu nahi duena. Indibidualismo hutsa. Lan-erreformek aukera ematen diote patronalari negoziazio kolektiboa blokeatzeko, eta hortaz lan-baldintzen indarraldia agortzen uzteko.
ELAk gogoratzen du, bide batez, Urkulluren gobernuak eta Confebaskek duten “eredu partekatu” horri diru-baliabide publiko ugariaz laguntzen zaiola.
Amaitzeko, ELAk salatzen ditu Enplegu sailburu Angel Toñaren adierazpenak, zuzenak ez izateagatik. Izan ere, EH-Bilduk Gasteizko Legebiltzarrean egindako galdera bati erantzunez, zera esan zuen: “…Confebask solaskide bateratu eta bakarra da, enpresarien ordezkaritzan, bai herri-erakundeen aurrean, administrazio publikoekin, bai sektorekako negoziazio kolektiboaren esparruan, langileen sindikatuekin. Puntu hori ez du zalantzan jarri eragile batek ere, ez publikorik, ez pribaturik”. Hori ez da egiazkoa, ELAk beti jarri du zalantzan gobernuak patronalei aitortzen dien ordezkaritza (ADEGI, CEBEK, SEA eta Confebask); eta exijitu diogu behin baino gehiagotan Eusko Jaurlaritzari ustezko ordezkaritza hori ezin gezurtatuzko moduan egiaztatzeko. Baina orain arte uko egin dio egiaztatze hori egiteari.