ELAk Eusko Jaurlaritzari exijitzen dio zehaztu ditzala plazaratutako bi inbertsio-funtsen helburuak

2018/07/20
ELA bat dator erakunde publikoak enpresa jakin batzuen kapitalean sartzearekin. Horren alde gaude, baina baldintza batzuekin. Funts publikoen jasotzaile izateko lan-baldintza egokiak bete behar dira (prekarietaterik edo soldata-arrakalarik ez, lan-osasuna, euskara sustatzea...). Era berean, Euskadiko nazioz gaindiko enpresei giza eskubideak, eta eskubide ekonomiko, sozial eta ingurumenekoak errespetatzeko ere eskatu behar zaie internazionalizazio-bidean.

Eusko Jaurlaritzak bi inbertsio-funts abiarazteko iragarri duen asmoaren aurrean, ELAk honako adierazpen hauek egiten ditu:

Jaurlaritzak ez du parte hartzeko biderik ezarri sindikatuok gure iritzia eman eta funts horien diseinuan eragin ahal izateko.

Jaurlaritzaren iragarpena erabat zehaztu gabea da. Joan den astelehenean lau haizetara emandako prentsaurrekoaren helburua propaganda egitea baino ez zen, ez baitzuten ezer zehatzik aurkeztu.

ELAk bere egunean iragarri zuenez, aurrezki-kutxen bankarizazioak (Eusko Jaurlaritzaren oniritziaz) ondorio larriak ekarriko zituen; besteak beste, herri honetan metaturiko aurrezkia pertsonengana eta ekoizpen-ekonomiara bideratzeko tresna nagusi bat galtzea. Komenigarria litzateke orduko hemeroteka errepasatzea, proiektu haren sustatzaileek Kutxabanken "finantza-giharrari" buruz egindako promesak berriro ikusteko. Guk orduan iragarri genuena orain gertatzen ari da: Kutxabank desinbertituz joan da hainbat enpresatan, eta bide horretatik jarraituko du. Alde horretatik ELAk azpimarratu nahi du bankarizazio-politika horrek Eusko Jaurlaritzaren babesa izan duela, eta horregatik ondorio txarren erantzukizuna berari dagokiola.

ELA bat dator erakunde publikoak enpresa jakin batzuen kapitalean sartzearekin. Horren alde gaude, baina baldintza batzuekin. Funts publikoen jasotzaile izateko lan-baldintza egokiak bete behar lirateke (prekarietaterik edo soldata-arrakalarik ez, lan-osasuna, euskara sustatzea...). Era berean, Euskadiko nazioz gaindiko enpresei giza eskubideak eta eskubide ekonomiko, sozial eta ingurumenekoak errespetatzeko ere galdatu behar zaie internazionalizazio-bidean. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak ez du horrelakorik egiten, eta kapitalean parte hartu arren, bost axola zaio enpresa horiek nola jokatzen duten. ELAk eskatzen du partaidetza publikoa duten enpresetan irizpide horiek nahitaez bete beharrekoak izatea.

Azkenik, eta Jaurlaritzak funts horietan parte hartzeko BGAEei egindako deia dela-eta: ELArentzat oinarrizkoak diren gaiak eztabaidatu gabe, baldintzak ez dira egokiak partaidetza hori gauzatzeko. Beraz, ELAk iritzi hori aldeztuko du Itzarri, Geroa eta Elkarkidetzako organoetan.