LEHENDAKARIAREKIN BILERA

Eusko Jaurlaritzak Confebaski gainfinantzaketa ukatu behar dio, LGS negoziatzen ez badu

2026/10/21
Eusko Jaurlaritzak Confebaski gainfinantzaketa ukatu behar dio, LGS negoziatzen ez badu
ELAk lehendakariari adierazi dio Confebaskek ez lukeela Elkarrizketa Sozialaren Legeak aurreikusitako dirulaguntzarik jaso behar, ez baititu dagozkion eginkizunak betetzen.

ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntza eta LABeko koordinatzaile orokor Garbiñe Aranburu Imanol Pradales lehendakariarekin eta Mikel Torres lehendakariordearekin bildu dira gaur. Bi sindikatuek eskatutako bileraren helburua izan da gutxieneko soldata propioaren aldeko ekimenak sustatzea. Lehenik, ELAk aldarrikatu du Eusko Jaurlaritzak borrokatu egin behar duela Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) erabakitzeko eskumenak lortzeko.

ELAk lehendakariari eskatu dio Confebaski Elkarrizketa Sozialaren Legearen bidez emango zaion gainfinantziaketa bertan behera uzteko, “patronalak ez duelako bere eginkizunak betetzen”. Lakuntzak neurri hori eskatzeko arrazoiak azaldu ditu: “Herri Ekimen Legegilea eta martxoaren 17ko greba orokorra egin ondoren, Confebasken blokeo jarrera eta Eusko Jaurlaritzaren inakzioa dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan gutxieneko soldata arautuko lukeen akordiorik ez egotearen erantzule nagusiak”.

Lakuntzak gogorarazi du Confebaskek hiru aldiz uko egin diola lanbidearteko akordio bat negoziatzeari. “Egoera lotsagarria bezain onartezina da”, adierazi du. ELAko idazkari nagusiak azaldu duenez, ordezkaritza handiena duten sindikatuek eta patronalek izaera hori dute, besteak beste, helburu jakin batekin: negoziazio kolektiborako aukerarik ez duten sektoreetara (sindikatuen edo patronalen ordezkaritzarik ez dagoelako) edo sektore ahulenetara ordezkaritza zabaltzea, lan baldintzak arautu ahal izateko.

Ordea, Confebaskek sistematikoki uko egiten dio bere eginbehar hori betetzeari. “Helburu argia du”, -azpimarratu du Lakuntzak-: “Ahal den neurrian, langileen lan baldintzak prekarizatzea. Horregatik, uko egin dio gutxieneko soldata arautzeari, baita hainbat sektoretako hitzarmenak negoziatzeari ere: kimikaren sektorekoa, etxeko langileena, enplegu-zentro berezietakoa, euskaltegietakoa… Confebaskek sistematikoki blokeatzen ditu negoziazioak”.

Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak patronalari kargu hartu beharrean, lege berri baten bidez, Elkarrizketa Sozialean esertzeagatik saritu nahi du, finantzaketaren bidez.
“Confebaskek bere oinarrizko betebeharra ere betetzen ez badu, saria jasotzen du. Horrek erakusten du Eusko Jaurlaritzak noren interesen alde egiten duen lan”.

Bitartean, Eusko Jaurlaritzak iragarri du ELA eta LAB zigortzeko neurriak hartuko dituela, Elkarrizketa Sozialaren antzezpen ariketan parte ez hartzeagatik.
“Hori onartezina da: Eusko Jaurlaritzak ezin du aldatu euskal langileek erabaki dutena: ELAri eta LABi ordezkaritzaren gehiengo oso zabala ematea”.