Eusko Jaurlaritzak Estatuaren Ordezkariordetza gisa jarduten jarraitzen du sektore publikoan

2022/10/21
Eusko Jaurlaritzak Estatuaren Ordezkariordetza gisa jarduten jarraitzen du sektore publikoan
Aurrekontuak Funtzio Publikoak aurkeztutako proposamen ekonomikoarekin onartzen badira, erosteko ahalmenaren galera % 20koa izango litzateke hamarkada batean

Euskal Sektore Publikoaren Mahai Orokorrak bilera egin du gaur Lakuan. Bertan, Funtzio Publikoko sailburuordeak 2023rako soldata-proposamena aurkeztu du, EAEko Aurrekontuen Lege Proiektuan sartzeko. Aurreikuspenen arabera, Eusko Jaurlaritzak asteartean onartuko du proiektu hori.

Eusko Jaurlaritzaren proposamena Estatuko Gobernuak aurkeztutakoaren berdin-berdina da. Beste behin ere, Eusko Jaurlaritzak uko egiten dio Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetza gisa jarduteko arlo horretan duen eskumenari, eta 2023rako % 2,5eko soldata-igoera proposatzen du. Proposamen hori KPIaren itxiera % 9 inguruan egongo denean egiten da, eta horrek erosteko ahalmenaren % 6tik gorako galera ekarriko luke 2023rako, eta horri gehitu behar zaio gaur egun galduta dagoen % 16. Azken hamarkadan metatutako galera % 20tik gorakoa izango litzateke.

ELAren ustez, proposamenak agerian uzten du Eusko Jaurlaritza, bere plantillaren lan-baldintzak ezartzeaz arduratzen denean, herrialdeko patronalik erreakzionarioena eta neoliberalena dela; izan ere, plantilla pobretzearen aldeko apustu sistematikoa egiteaz gain, % 40tik gorako behin-behinekotasunari eusten dio, sektore pribatukoaren ia bikoitza.

ELAk Jaurlaritzari eskatu dio behingoz utz diezaiola Estatuaren Gasteizko Ordezkariordetza izateari, eta herri honetako zerbitzu publikoen eta hori ahalbidetzen duen kolektiboaren alde egin dezala. Ez da onargarria Madrilek erabakitzea zer soldata duten gure langile publikoek; edo zenbat erizain eta irakasle behar ditugun.

Hori dela eta, ELAk 2023rako soldaten arloko proposamen bat aurkeztu du, 2022an galdutako erosteko ahalmena ( % 4,5) eta 2022ko KPI bermatzeko; eta enpleguaren arloan, Eusko Jaurlaritzaren esparru guztietan behin-behinekotasuna % 6ra murrizteko kontsolidazio-prozesuak.

Azkenik, ELAk dei egiten die murrizketa berri horrekin ados ez dauden eta ELAk egindako mobilizazio-proposamena ezagutzen duten gainerako sindikatuei grebarako deialdi bateratu bat egin dezaten, gehien bat partekatzen ditugun aldarrikapen-helburuak lortzeko.