zerbitzu publikoak

EAEko Instituzioetako ordezkariek elkarrizketarako deia egin arren uko egin diote sindikatuekin biltzeari

2023/10/16
Oso larria da EAEko langile publikoen lan baldintzei buruz hitzegiteko bilera batetara Estatuko Administrazioa bakarrik etortzea.

Gaur, urriak 16, LHKren Bilboko egoitzan bilera egin dute sektore publikoko ELA, LAB, CCOO, STEILAS, SATSE eta ESK sindikatuek deituta. Zehazki, Eusko Jaurlaritza, EUDEL, hiru Aldundiak eta Estatuko Gobernuaren EAEko ordezkaritza zeuden bilerara deituta, horiek guztiak baitira urriaren 25ean eta abenduaren 19an grebara deitutako 150.000 langileen lan baldintzen arduradunak.

Bileran, Estatuko Gobernuko Ordezkaritzako ordezkaria izan da. EAEko Instituzioetako ordezkariak ez aurkeztea erabaki dute. Arabako Foru Aldundiak sindikatuak egindako deialdiari ez dio erantzun ere egin. Sindikatuentzat oso larria da EAEko langile publikoen lan baldintzei buruz hitz egiteko bilera batetara Estatuko Administrazioa bakarrik agertzea.

Bilerara ez joateko negoziazio esparruei buruz adierazitako argudio tekniko eta formalak negoziatzeko duten borondate falta ezkutatzeko aitzakia dira. Ez batzuk eta ez bestek ez diete heldu nahi grebara jotzeko arrazoiei: langile publikoen lan baldintzen okertzea, hamarkada batez baino gehiagoz akordiorik ez dela lortu, eta zerbitzu publikoetan horrek guztiak duen eragin negatiboa. Erakunde hauek publikoki elkarrizketaren bidea behar dela (eta ez grebarena) esaten duten bitartean, uko egiten diote elkarrizketa helburu duen bilera batera joateari. Beste behin ere, argi geratu da elkarrizketarako duten prestasunaz hitz egiten dutenean, beraiek nahi dutenaz, nahi dutenean eta nahi duten lekuan hitz egiteaz ari direla. Langile publikoen lan baldintzak ez daude inoiz haien agendan.

Gai hauek dira, hain zuzen, LHKn egindako bileran mahai gainean jarritakoak, eta honako erabakiak hartzeko eskatu dute sindikatuek: EAEn erabaki daitezela enpleguaren gaineko neurriak, baita euskal langile publikoen lan baldintzak eta soldata ere; zerbitzu publikoak indartzeko eta pribatizazioak amaitzeko aukera emango duten aurrekontuak bermatzea; enplegu publikoa sortu eta sendotu dadila, eta lan baldintzak hobetu daitezela, galdutako erosahalmena berreskuratuz eta langileen lan osasuna bermatuz; administrazioaren euskalduntzean eta genero diskriminazioarekin amaitzeko urratsak egin daitezela.

EAEko Estatu espainiarreko kongresuan ordezkaritza duten indar politiko guztiekin biltzeko gonbitea ere luzatu dute sindikatuek. Horiekin diagnostikoa partekatzeko eta babesa eskatzeko Estatuarekiko negoziazioetan soldatak eta enplegu publikoko auziak Euskal Herrian erabakitzea ahalbidetzeko, eta lan, soldata eta enplegu publikoko baldintzak hobetzeko.

.