superabita
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak 2022an 1.000 milioi euro ez dituztela erabili agerian utzi dute AIREFen txostenek

Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak (AIREF) txosten bana egin du Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren aurrekontuen betearazpena aztertzeko. AIREFen arabera, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak superabitarekin edo aurrekontu orekarekin itzi zuten 2022. urtea, eta 2023. urtea ixtera doaz. Pedro Sanchezen gobernuarekin adostutako irizpideen arabera, bi ekitaldietan nolabaiteko defizit maila izan zezaketen, ordea (zehazki, 2023an % 0,6koa). Gogoratu behar da, gainera, ELAk salatu zuenez, ez zegoela arrazoirik urte horietako defizit maila bere horretan uzteko; izan ere, 2020tik 2023ra bitartean arau fiskalak etenda egon dira Europar Batasunean.
ELAren ustez, Airefen txostenek baieztatu baino ez dute egiten Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua ahalik eta gutxien gastatzearen aldeko aurrekontu politika aplikatzen ari direla. Politika horren ondorioak oso larriak dira, eta hiru nabarmentzekoak dira, bereziki:
Zerbitzu publikoen okertzea izugarria da, Osakidetzaren edo Osasunbidearen kasuan ikusten den bezala.
-
Etxebizitza politika horrek negozioari ematen dio lehentasuna, eta oinarrizko eskubiderik gabe uzten ditu milaka pertsona, batez ere gazteak eta migratzaileak, gehiegikeria ugari jasaten dituztenak.
-
Diru sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) eta Errenta Bermatua (OE). Lege horiek aldatu egin dira, eta pobrezia areagotzeko arrazoietako bat izaten ari dira, lan prekarietatearekin batera.
ELAren ustez, osasunera, hezkuntzara, etxebizitzara, politika feministetara, gizarte prestazioetara edo trantsizio ekosozialaren sustapenera eta zuzendaritza publikora bideratutako partiden igoera handia beharrezkoa da. Hori horrela izanda, onartezina da Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak politika horietara ehunka milioi euro bideratzeari uztea, eta horren ordez superabita hobestea. 2022an Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak aurrekontuak 500 milioi euro baino gehiago handitu zitzaketen.
Alde horretatik, sinetsara nahi denaren kontrara, Airefek gure erakundeen aurrekontu politika bermatzea albiste txarra da. Izan ere, Airef joera neoliberal nabarmena duen erakundea da, eta Konstituzioaren 135. artikuluan aurreikusitako aurrekontu egonkortasunaren printzipioa herri administrazioek benetan betetzen dutela bermatzea du helburu (Zapaterok eta Rajoyk adostutako erreforma espres baten emaitza izan zen, zor publikoa ordaintzea lehenesteko, gizartearen premien kaltetan). Beraz, Airefek Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu politikaren balorazio positiboa egiten badu, politika neoliberalak aplikatzen ari direlako da.