Eusko Jaurlaritzak etorkinen elkartegintza ito nahi du

2010/01/20
Gizartegintzaren dirulaguntzak batera biltzen dituen Eusko Jaurlaritzaren Dekretua ELAk gaitzetsi du, EAEko etorkinen 30 elkartetik gora ezabatuko dituelakoan.

 “Gizartegintzan zegoen sakabanaketa” gehiegizkoa eta desegokia zelako aitzakiatan, Eusko Jaurlaritzak, etorkinen elkarteei bizkarra emanda, baldintza eta betekizun berriak eskatuko ditu, proiektuak onesteko, eta dirulaguntzak eskuratu ahal izateko.

Aldaketa horien onuradun bakarrak GKE nagusiak izango dira, lurraldez gaindiko planak garatzeko betekizuna eta beste zenbait baldintza (berrikuntza, saiakuntza, ikerketa...) haiek bakarrik bete ahal izango baitituzte, baliabide gehiago dituztelako.

ELAren ustez, dekretu horren helburu nagusia etorkinen elkartegintza eragoztea da; eta horretarako, dirulaguntzak kenduz, itoarazi egingo dute etorkinen elkarte horien tokian tokiko lana.

Sindikatu honek gogora ekartzen du elkarte horiek egin izan duten lana, diru-mugen eta baliabide urrien gainetik. Izan ere, orientabideak, topaguneak, argibideak eta kulturen arteko esparruak sortu eta eskaini dizkiete etorkinei gure herrietan, biztanle horiek hobeto sustatzeko eta txertatzeko asmoz. 

Hori dela-eta, ELAk 649 Dekretua berehala indargabetzeko eskatzen du; eta bide batez, etorkinen integrazioa, elkarte-zaletasunetik, errazten duten politikak bultzatzeko beharra azpimarratzen du, biztanle horiek dituzten eskubideak ahaztu gabe.