Eusko Jaurlaritzak etxebizitza librearen alokairuari dagokionez onartutako laguntzak ez dira nahikoak

2020/05/08
ELAren ustez, koronabirusaren ondorioz ekonomikoki eta sozialki egoera ahulenetan dauden pertsonak babesteko aurkeztutako laguntzak ez dira nahikoak: kantitateari dagokionez eskasak dira, eskuratzeko baldintzak murriztaileak dira eta Espainiako Gobernuak ildo horretan hartutakoetatik oso urrun daude. Gogorarazi duenez, laguntzak direnez, horretarako bideratutako guztizko zenbatekoa amaitu ondoren, premia asko bete gabe geratuko direla.

ELAk ziurtatu du koronabirusaren krisi betean Eusko Jaurlaritzak etxebizitza alokatzeko onartutako laguntzek ez dutela beren helburua betetzen, hau da, ez dituztela babesten koronabirusaren krisiaren aurretik ere etxebizitza arloan zaurgarriak ziren pertsonak, ezta krisi honen ondorioz gaur egun egoera ahulenetan daudenak ere.

Sindikatuaren hitzetan, "Eusko Jaurlaritzak berriro ere barregarriak diren laguntza ekonomikoak ematen ditu kolektibo zaurgarrienen premia-egoerak asetzeko (emakumeak, guraso bakarreko familiak, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten pertsonak, gazteak, migratzaileak, etxegabeak, langabeak, etab.)". Salatu du, beste behin ere, agerian geratzen dela arlo horretan ez dagoela politika erreal eta eraginkorrik. "Etxebizitzaren Legea onartu zenetik bost urte igaro direnean, etxebizitza duin bat izateko eskubidea ez dago bermatuta".

ELAk berretsi du etxebizitzaren arloan gertatutakoa Eusko Jaurlaritzak COVID-19ren kudeaketari dagokionez egiten duenaren adibide bat gehiago dela. "Gai guztietan, Lehendakaritzak erabakiak hartzen ditu inplikatutako aldeek egindako ekarpen bakar bat ere kontsultatu eta kontuan hartu gabe".