Eusko Jaurlaritzak etxebizitzako prestazio osagarriak murriztu ditu

2010/01/13
Zenbatekoa murrizten du kasu askotan eta kanpoan uzten ditu orain arte onuradunak ziren kolektiboak.

Eusko Jaurlaritzak Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarria (EGPO) arautzen duen dekretua onartu zuen atzo, alokairura zuzenduriko Gizarte Larrialdietarako Languntzak (GLL) ordezkatuko dituena. Dekretuak eskubide baten onarpena suposatzen du, eta beraz, GLLen aurreko egoerarekiko aurrerapauso bat dakar. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak urte bete baino gehiago eman du 2008ko abenduaren 31an onarturiko Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Legeak jasotzen zuen dekretu hau onartzeko eta eskubidea aplikatzeko.

Praktikan, orain arteko alokairura zuzenduriko GLLen zenbatekoarekiko murrizketa dakarrela kasu askotan gaitzesten du ELAk (adibidez, bizikidetza unitate baten kasurako 290 eurotik 250era pasatzen da).

Gainera, etxebizitza bakoitzeko gehienez bi EGPO ezartzea ere gaitzetsi egiten du ELAk (GLLek ez zuten muga hau), eta beraz, orain arte GLLak jasotzen zituzten bizikidetza unitateak orain prestazio gabe geratzea ekarriko du.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak, errealitatearekin bat ez datorren erabilera propagandistikoa egiten duela onarturiko dekretuarekiko uste du ELAk.