EAEko administrazioetan euskara normalizatzeko dekretua
Eusko Jaurlaritzak ez ditu ELAren ekarpenak aintzat hartu eta uko egin dio administrazioetan euskal hiztunen hizkuntza eskubideak parekatzeari

Gaur, azaroak 27, Administrazioaren mahai orokorrean, Eusko Jaurlaritzak administrazioetan euskara normalizatzeko dekretu berriari ELAk egindako ekarpenei erantzun die, eta ezezkoa eman die funtsezko gaiei. Ondorioz, ez da arautzen langileak euskalduntzeko formazio eta baliabiderik, ez da jasotzen trantsizio epe baten ondoren langile guztiak elebidunak izango direnik, ez dago langile erdaldun elebakarrek trantsizio hori burutu ahal izateko laguntza eta neurririk, edo ez da onartu hizkuntza eskakizunen exijentzia zuzendaritza postuetatik hastea.
Funtsezko gaiei ezezkoa emateaz gain, Eusko Jaurlaritzak men egin die hilabeteotako epaitegien ebazpenei, horietako asko oraindik irmoak ez diren arren. Ondorioz, euskara erabiltzeko dauden zailtasunei aurre egiteko neurri orekatzaileei uko egin die. Esaterako, administrazioek ezin izango dute arautu agurra lehentasunez euskaraz egitea, jakin arren administrazio askotan euskal hiztunak ez direla euskarazko zerbitzua eskatzera ausartzen.
Atzerapausoen beste adibide bat da 24.3 artikulua: “Euskal sektore publikoko entitateek euren hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideetan jaso dezakete ezen hizkuntza eskakizuna nahitaezkoa duen lanpostu bat betetzen duten langile guztiek euskara ere lan hizkuntza gisa erabili beharko dutela, hizkuntza eskakizuna egiaztatuta badute”. 'Ere' hori gehituta, zera ezarri dute: gaztelania izango da derrigorrezko lan hizkuntza, eta euskara ere derrigortzeko aukera izango da, beti ere gaztelera bermatuta bada.
Era berean, euskarazko hizkuntza eskakizunen derrigorrezko indizearen interpretazioa argitu dute. Horren arabera, derrigorrezko indize hori soilik salbuespenez eta prozedura korapilotsu baten bitartez gainditu ahal izango da. Hots, orokorrean euskarazko derrigortasun indizea gehienezko muga izango da, baina administrazio gehienetan lanpostu guztietan gaztelaniaren ezagutza derrigortuko da. Euskararen ezagutzak salbuespenezkoa izaten jarraituko du administrazioetan: bi hizkuntzen estatusa parekatu beharrean, lehen eta bigarren mailako langile eta herritarrak betikotuko dira.
Ondorioz, ELAk ez ditu aldaketa horiek ontzat eman eta Jaurlaritzari eskatu dio dekretu proiektua bertan behera utz dezala. ELAk badu proposamena hizkuntza eskubideak parekatzeko, inori kalterik eragin gabe, baina Eusko Jaurlaritzak sektore euskarafoboei beldur die. Hizkuntza eskubideak parekatzeko garaia da, eta Eusko Jaurlaritzak bide horri ekin diezaion galdegin du ELAk.