Eusko Jaurlaritzak gehiegizko gutxieneko zerbitzuak inposatu ditu EAEko eskola-jantokietan deitutako greban

2021/05/26
Eusko Jaurlaritzak gehiegizko gutxieneko zerbitzuak inposatu ditu EAEko eskola-jantokietan deitutako greban
ELAk EAEko ikastetxe publiko, pribatu eta itunduetako jantokietan deitutako grebarako Lan Sailak ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan arren – jantokiko langileentzat % 100koak ere ezarriz –, sektoreko langileek greba egin dute enpleguaren eta lan-baldintzen alde. Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusiaren aurrean, Gasteizen, egindako elkarretaratzean gogorarazi dute Hezkuntzak 2020/2021 ikasturterako bere kabuz hartutako neurriek ez dietela bermatu familia guztiei zerbitzua eskaintzea, ez eta enplegua, lan-baldintzak eta segurtasuna bermatu ere; jangeletako 17.000 erabiltzaile galdu dira, eta horrek behin-behineko 1.000 lanpostu suntsitzea eta beste 1.000 langileren eskubideak galtzea eragin du.

Horregatik, ELAk 2021/2022 ikasturterako edozein neurri adostea eskatu dio Hezkuntzari, familien, langileen eta erabiltzaileen benetako beharrak kontuan hartuta, enpleguari eta lan-baldintzei eustea bermatzeko.

Ezinbesteko baldintzatzat jotzen du 17.000 mahaikide berreskuratzea, bai eta ikastetxe publikoetako egungo ratioak berrikustea ere, suntsitutako enplegua berreskuratzeko, lanpostu guztiak eta horien baldintzak mantentzeko, eta zerbitzuaren segurtasuna eta kalitatea bermatzeko.

Era berean, ikastetxe publikoetan ikastetxe itundu eta pribatuetarako dagoen ratio bera ezartzeko behar diren erabakiak eta ekintzak har ditzala eskatu dio Sailari, kontratazio-baldintzak, lan-baldintzak eta lan-kargen murrizketa berdindu daitezen, zerbitzu horien segurtasun eta kalitate hobea bultzatuz.