Eusko Jaurlaritzak gehitu behar dio DBE/RGI-ri gutxieneko soldataren igoera, eta kendu 2012tik izan duen murrizketa

2016/12/15
ELAk eskatuko dio Eusko Jaurlaritzari LGSren (Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren 2017ko igoera bera, %8koa, DBEn (Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta) ere aplikatzeko. Mikel Noval, ELAko arlo sozialeko arduradunak salatu du 2012az geroztik %7ko murrizketa egiten zaie aipaturiko diru-prestazioei.

Nolakoa da Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE/RGI) egoera?

DBEk diru-sarreren maila bat bermatzen du, baldin eta betekizun batzuk betetzen badira. Betekizun horiek zaildu ziren 2009ko erreformaren bidez, PSEk, PPk eta EAJ/PNVk onetsi zuten erreformaren bidez. Legez bermatu diren diru-sarrerak hauek dira: bakarrik bizi direnentzat Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) %88, bi lagunen bizikidetza-unitateentzat LGSren %113, eta 3 lagun edo gehiagokoentzat %125.

Hala ere, 2012az geroztik %7ko murrizketa egiten zaie aipaturiko diru-prestazioei. Murrizketa hori Patxi Lopezen gobernuak onetsi zuen aurrekontuetan, urte hartarako bakarrik eta salbuespenez; baina Iñigo Urkulluren lehen legealdiko urte guztietan mantendu da. Hau da, bost urte igaro dira DBEren legea ez betetzen hasi zenetik, pertsonen diru-sarrera bermatuei dagokienez. Horren eragina pairatu behar duen gizarteko taldea diru-egoeraz ahulena da; beraz, murrizketa hori murrizketa guztien artetik bidegabe eta antisozialetariko bat da.

Murrizketa hori zenbatekoa da?

Bakarrik bizi direnei 47,09 euroko murrizketa egiten zaie hilean. Bermatu beharko zitzaien diru-kopurua 672,67 eurokoa da (hamabi ordainsaritan), baina 625,58 euro besterik ez zaie ordaintzen. 47 euro gutxiago jasotzea murrizketa handia da, hilean 625 eurorekin etxea mantendu behar dutenentzat.

Bi lagunen bizikidetza-unitateentzat hileko murrizketa 60,46 eurokoa da; eta 3 bizikide edo gehiagoko unitateei 66,89 euro kentzen zaie hilero. Zeharo kontraesanezkoa da, batetik, elkartasunaren txapeldunak garelako propaganda egitea edo Eusko Jaurlaritzarentzat “pertsonak helburu” direla aldarrikatzea, eta bestetik, aipaturiko politikak egitea.

Eusko Jaurlaritzak ez du diru nahikorik gizarte-prestazioetarako, baina badu diru nahikoa AHT eraikitzeko. Orain senperrenak egiten ditu Eusko Jaurlaritzak Rajoyren baimena lortzeko, eta Madrilen kontura exekutatu behar diren AHT-tarteak Eusko Jaurlaritzari berari ordainketak aurreratzen uzteko. Ni Rajoy izango banintz, berehala utziko nioke. Ah ze pagotxa Rajoyren gobernuarentzat! Orain arte Eusko Jaurlaritzak ia 1.500 milioi euro aurreratu ditu, Espainiako Gobernuak itzuli ez dizkionak (eta ez dirudi itzultzeko asmorik ere duenik). Nor aberastuko da AHT egiten? Nor aterako da galduan DBEren murrizketarekin? Urkulluk “pertsonak helburu” dituela dioenean, zer pertsonak ditu gogoan? Eusko Jaurlaritzak zertarako duen dirua, eta zertarako ez ikustean argi geratzen da zein den haren politikaren ildoa.

Nolako eragina izango du LGSaren igoerak DBEn?

Eusko Jaurlaritzak erabaki behar du. ELAk eskatuko dio Eusko Jaurlaritzari LGSren 2017ko igoera bera, %8koa, DBEn ere aplikatzeko.

Gobernu espainiarrak aurkeztu duen LGSren dekretuaren zirriborroaren arabera Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko da LGSren igoera DBEn ere aplikatzeko erabakia. Gutxienez IPREMen igoera aplikatu beharko du. Oraindik ez dakigu zenbatekoa izango den igoera hori, izatekotan; zeren IPREM 6 urtez egon da izozturik (IPREM erreferentzia-indizea da langabeziaren eta bestelako laguntzetarako).

Ba al du zentzurik LGSren igoera ez aplikatzeak?

DBEren Legean argiro ezarrita dago prestazio hori LGSren araberakoa dela; beraz, Eusko Jaurlaritzak islatu beharko luke LGSren igoera DBEn. LGSren eroste-ahalmena beheraka joan den urteetan Eusko Jaurlaritza horretaz baliatu da DBEren eroste-ahalmena ere jaisteko. Baina Eusko Jaurlaritzak, orain Rajoyk eman dion aukeraz baliatuz, jarraitu ahal izango du gizarteko talderik ahulenak gaizki tratatzen. LGSren igoera DBEra eraman ezean, agerian geratuko zen berriro gobernu horren pentsamolde neoliberala eta antisoziala.

DBEri, batetik, LGSren igoera bera gehitu beharko liokete, eta bestetik, prestazioetan urtero egin ohi den %7ko murrizketa 2017an kendu.

Aipaturiko igoera aplikatuz gero, eta %7ko murrizketa kenduz gero, bakarrik bizi den jasotzaile baten errenta 726,5 eurokoa izango zen hilean, oraingoa baino 101 euro handiagoa. Hori bidezkoa da. Hori Legebiltzarrean onetsi zen 2008an. Eta gauzatu ezean, ez legoke jokabidea zuritzeko modurik, pentsa daitekeen gauza bakarra zera da: gobernuak bestelako gauzetan nahiago du dirua gastatzea, pertsonei bizimodu duinagoa izateko diru-sarrera nahikoak bermatzean baino.