Eusko Jaurlaritzak, greba indargabetzeko asmoz, berriro zerbitzu minimo gehiegizkoak ezarri ditu Martxoaren 29rako

2012/03/26
Martxoaren 29ko greba dela eta, bermatu beharreko zerbitzuei buruzko Agindua jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietako Sailak. Aurreko grebetako Aginduei jarraituz, erabat atzerakoi eta murriztailea da eta, beste behin, greba egiteko funtsezko eskubidea erabat mugatu nahi du.

 

Eusko Jaurlaritzak muzin egin die sindikatuen eskaerari aurreko epaiak onartzeko, gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak eta arrazoitu gabeak izan zirelako eta ez du Agindu honetan epaien edukiak sartu. Greba deitzen dugun sindikatuon iritziz gobernuaren gutxieneko zerbitzuen inguruko aginduak greba egiteko oinarrizko eskubideari muga estuak ezartzen dizkio, arrazoizkoak baino estuagoak alegia, eta bere helburu nagusia grebari indarra gutxitu eta posible duen heinean galaraztea da.

Aginduak garraio sektorean zerbitzu eta maiztasunen %30a bermatu behar dela dio. Kasu honetan, 24 ordutako greba izanda, erabat gehiegizkoak suertatzen dira ezarritako gutxieneko zerbitzuak. Gainera, igoera hau arrazoi gabea eta gehiegizkotzat jo zuen epaietako batek.
Bestalde, eguneko zentroak adinekoen egoitzen pare jarri dituzte. Ulertezina gertatzen den parekatzea, izan ere lehenengo hauek igande eta jaiegunetan itxirik egoten baitira eta ondorioz gutxieneko zerbitzuen agindutik kanpo egon beharko lukete. Sektore honetan berriro ezartzen da eguneko zentrotarako garraioa gutxieneko zerbitzutzat, nahiz eta beste epaiak espresuki legez kanpokoa deklaratu.
Bereziki larria da hezkuntza eremuan harturiko erabakia, hain zuzen aipatutako epaien aurka baitoa. Oraingoan ere gutxieneko zerbitzuak ezarri dira hezkuntza arloan ikastetxeen irekierara behartuz. Auzitegiaren epaiak bete gabe uztean gain (aurreko grebetakoaren berdina ezartzen zuten), ulertezina da hezkuntza funtsezko zerbitzutzat jotzea egun bateko greban eta zentro guztiak irekitzera behartzea. Erabaki honekin hezkuntzako langileen greba eskubidea larriki urratzen da eta egun horretan eskolara gerturatzen diren ikasleen segurtasuna bera ere zalantzan jartzen da.
Haurreskolei dagokienez antzekoa esan behar da, non irekiera bermatzea eskatzen den nahiz eta pertsona bakarra izan. Funtsezkotzat jo behar al da zerbitzua egun bakarreko greban? ¿Nola bermatuko da joan daitezkeen haurren segurtasuna? Argi dago hau ez dela Jaurlaritzaren ardura, greba indargabetzea baizik.
Dekretuari gehiegizko deritzogu, besteak beste, okerreko abiapuntua hartzen duelako. Etengabe berdintzen dira oinarrizko eskubide den greba eskubidea konpara ezina den lanerako eskubidearekin. Eta ondorioz, lehenak duen babes berezia urratzen du gobernuak.

Nabaria da Jaurlaritzaren erabakiak greba egiteko oinarrizko eskubidea galarazi nahi duela, eta deialdiaren hedapena eta eragina mugatu. Beste behin, Jaurlaritzak agerian utzi du aginte ekonomikoekin duen harreman estua, eta beren eskubideak etengabe urraturik duen jendartearen aldarrikapenak isilarazteko helburuaz mugitzen dela.

Behean sinatzen dugun sindikatuok Agindu honen kontrako helegitea aurkeztuko dugula iragartzen dugu. Horrez gain, langile guztiei dei egiten diegu agintekeria eta greba indargabetzea ahalegin hauen aurrean indartu daitezen, eta mobilizazioa eta borroka bidez Martxoaren 29ko greba egun arrakastatsua izan dadin.