Eusko Jaurlaritza nabarmen jarri da patronalaren alde

2016/07/27
Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek, CCOOk eta UGTk uztailaren 22an “Gizarte-Elkarrizketarako Mahaia” delakoan Negoziazio Kolektiboari buruzko Akordio bat eta datorren legealdian Gizarte-Elkarrizketa Erakundetzeko beharrari buruzko Adierazpen bat sinatu zuten: ELA eta LAB sindikatuen esanetan hauteskunde sindikaletan adierazitako langileen borondateari muzin egiten zaio. Eragin mugatuko akordioak sustatzeko akordioa antisindikala eta antidemokratikoa dela adierazi dute gaur goizean bi sindikatuotako arduradunek Donostian izandako agerraldi batean.

Prentsaurrekoan parte hartu dute Adolfo Muñoz “Txikik” eta Ioseba Villarrealek, ELAren aldetik, eta Garbiñe Aranburuk eta Xabier Ugartamendiak, LABen izenean. Bi sindikatuotako arduradunek iragarri dute ELAk eta LABek ez dutela langileen interesen aurkako estrategia hau babestuko eta akordioaren atzean sinatzaileen finantza-autonomia gabezia ere badagoela azaldu dute.

Bestalde, adierazi dutenez, “CCOOk eta UGTek patronalarekin batera lan hitzarmenen estatalizazioa garatzea nahi dute eta horrekin patronalari aukera ematen diote milaka euskal langileri eragiten dien negoziazio kolektiboan xantaia egiteko”.

ELA eta LABen aburuz, “Eusko Jaurlaritza nabarmen jarri da patronalaren alde, honek bere ordezkaritzaren egiaztapen demokratikorik ez izanagatik ere” eta Lan Harremanetako eta Gizarte-Babeseko Euskal Esparrua suntsitzea leporatu diote. “Gutxiengo sindikalari babesa emanda gobernuak sistema espainiarraren azpisistema bat ezartzen du, politika publikoak patronalaren zerbitzura jartzeko asmoz”.

ELA eta LABek lan-harremanetarako euskal esparruarenren aldeko gure konpromisoa berretsi dute: “Berretsi egiten dugu negoziazio kolektiboa dagoen atakatik ateratzeko gure jarrera. Negoziazioak edukiak izan behar ditu, eta ezin da bihurtu patronalak bere posizioa hobetzen jarraitzeko beste tresna bat. Prekaritate gehiago ekarriko ez duen, soldaten erosteko ahalmena berreskuratzeko baliagarri izango den eta erreforma laboralaren eraginetik blindatuko gaituen negoziazio kolektiboaren alde gaude”.