Eusko Jaurlaritzak immigranteentzako osasun-arreta mugatu egin du

2014/11/12
Osakidetza arauak ematen ari da egoera irregularrean dauden immigranteei osasun-arreta unibertsala mugatzeko, hain zuzen erroldatuta urtebete baino gutxiago daramaten pertsonei edota Dirusarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) jasotzen ez dutenei.

Osasun sailburua atzo Eusko Legebiltzarrean agertu zen iragartzeko 17.000 pertsonari Osasun-Txartela emango zaiela. Haatik, Osakidetzak ez du osasun-estaldurarik eskainiko, baizik larrialdi zerbitzua, besterik ez, milaka eta milaka pertsonentzat. Areago, erroldatuta urtebete daramatela frogatu ezin dutenei edota DBE jasotzen ez dutenei ez zaie aitortuko larrialdi zerbitzua jasotzeko eskubidea ere, hots, gastu hori ordaindu egin beharko dute.

ELAren iritziz osasunerako eskubidea horrela mugatzea nardagarria da. Gizaki izatea aski izan beharko litzateke osasunera sarbide unibertsala izateko.

Orain arte izatez salbuespenezko egoeretan baino ez zen osasun-zerbitzua ukatzen, edo prestazioa ordaintzea eskatzen. Espainiar gobernuak ere ez du aldaketarik egitea eskatu, hau da, murrizketa hau Jaurlaritzaren erabakia da, eta berea bakarrik.

Hau injustizia ez ezik hutsegite bat da, larrialdi zerbitzuak gainez egitera eraman baititzake, prebentziorik izan ahal ez dutenek edota Lehen Arretara jo ez dezaketenek Larrialdietara jo beharko baitute. Gainera, osasun publikoari dagokionez ere arazo larria eragingo du, gaixo dauden pertsonak ez baitute arretarik izango, eta beren gaitzak ez dira aztertuko beste erremediorik ez dagoen unerarte. Ebolagatik alerta egoeran izanik, erabaki hau astakeria bat da.

ELAk Eusko Jaurlaritzari galdegin dio agindu hau erretira dezala eta osasun-zerbitzu unibertsala kasu guztietan berma dezala. Izatekotan, uste izanez gero Espainiako gobernuaren dekretuak betetzera derrigortuta dagoela, eskatzen diogu sendagaiekin egin duen moduan berak ordain diezaizkiola fakturak Osakidetzari.

Azkenik, ELAk uste du Osakidetzako langileen kode deontologikoak agindu horien gainetik daudela. Horregatik, plantila orain arte ematen ari zen zerbitzua mantentzera behartuta dago. ELAk lan egingo du zerbitzuok emateko aukera ziurtatuko duen aliantza bat sortze aldera, eta bere bitarteko guztiak erabiliko ditu beren duintasun profesionala defenditu eta osasun-zerbitzuetara iristen diren pertsona guztiei arreta ematea erabakitzen duten langileak babesteko.