Eusko Jaurlaritzak krisiari aurre egiteko iragarritako planak ez dira aurrekontuaren %1era ere iristen, eta gehienak duela hainbat hilabete iragarri ziren

2020/06/24
Urkulluk zerga erreforma baztertu izana salatu du ELAk, horrek murrizketak ekarriko dituela argudiatuta. Zorra eskatzeko Madrilen menpe egon nahi izatea autogobernuari uko egitea dela dio sindikatuak.

ELAk salatu duenez, Eusko Jaurlaritzak ez du aurrekontuaren %1 ere bideratuko COVID-19k sortutako krisiaren ondorioei aurre egiteko planetara. Gaineratu du aurkeztu dituen planak ez direla benetan berritzaileak, hilabete batzuk lehenago iragarri baitziren. Sindikatuaren arabera, Urkullu lehendakariak erreforma fiskala egiteari uko egiteak murrizketa gehiago ekarriko ditu epe motzean. Gauzak horrela, ELAk bere proposamenak berretsi ditu, besteak beste, Sozietateen gaineko Zerga, Ondarearen gaineko Zerga edo Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zerga. Horiek guztiak aplikatuz gero, EAEn 3.750 milioi euro baino gehiago bilduko lirateke. Sindikatuaren proposamenen artean ere badira doako zaintza unibertsala, langabe guztientzako LGS adinako gutxieneko dirusarrerak bermatzea, edo Europa mailako batez besteko gastu mailarekiko dugun gabezia gainditzea, besteak beste.

Sindikatuak azaldu duenez, COVID-19k pandemia aurretik pairatzen ari ginen krisi ekonomiko eta soziala larriagotu besterik ez du egin. Horregatik, gehitu du ELAk, inoiz baino beharrezkoagoa da pertsonak erreskatatzea eta bizitza eta zaintza erdigunean kokatzea, kapitalaren interesen aurka, orain arte aplikatzen ari ziren politikak zeharo aldatuta.

ELA kezkatuta dago, ordea, Eusko Jaurlaritzaren politikak ez doazelako norabide horretan. “Ez du bere politiken zentzua aldatu nahi, eta etengabeko publizitate eta propaganda kanpainan murgilduta dago; bere diskurtso triunfalistarekin errealitatea ezkutatu nahian dabil, alegia, krisiari ez zaiola erantzunik ematen ari”.

1. Susperraldi ekonomiko eta sozialerako aurrekontua %1 eskasa gehituko da.

Eusko Jaurlaritzak susperraldi ekonomiko eta sozialerako tantaka erabakitzen ditu, eta horietako asko oraindik aldizkari ofizialean ere ez dira argitaratu. Gainera, zenbateko ekonomikoetan, gastua ez da aurrekontuaren %1tik gora gehituko (alde batera utzita abalak. Hauen benetako kostua etorkizunean ikusiko da).

Esaterako, joan den astean enplegua suspertzeko iragarri zituen 140 milioi euroetatik 10 besterik ez ziren berriak (gainerakoak lehenago aurrekontuetan jasotako planei zegozkien; hauek urtero errepikatzen dira eta ez dira egokiak, eta zenbait kasutan 2020-2022 epealdikoak dira); ERTE baten eraginpean dauden langile batzuri laguntzak emateko akordioa partziala da, eta aldi baterako (Jaurlaritzak berak esan du indarrean egongo den 3 hiletan bere kostuak ez dituela 18 milioiak gaindituko).

2. Aurreikusi den osasun gastuaren igoera Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarengandik (Susperraldi Ekonomikorako Funtsa medio) jasoko duen kopurua baino askoz txikiagoa da.

Eusko Jaurlaritzak iragarri du Osasuneko aurrekonturako 200 milioi euro gehiago jarri beharko dituela. Kopuru hau estimazio bat da eta, ondorioz, errealitateak handiagoa izatea eragin dezake, baina askoz urriagoa da Espainiako Gobernuak Susperraldi Ekonomikorako Funtsaren bidez Jaurlaritzari egingo dion ekarpena baino (hemengo gobernuaren kalkuluen arabera gutxienez 600 milioi izango dira, eta zatirik handiena osasungintzara bideratuko da).

ELAren proposamenak

Egoera hau dela eta, ELAk benetako babes soziala eskaintzeko egin zuen proposamenari eutsiko dio:

  • Langabe guztientzako LGS adinako gutxieneko dirusarrerak.

  • DSBEaren zenbatekoa LGSaren %100 adinakoa izatea, unitateko pertsona bakoitzeko %50 gehituz; alokairu sozialeko etxebizitza izateko aukera bermatu behar duten guztiei (hau zen Euskako Herriko Eskubide Sozialen Kartak sustatu zuen HLEaren eskaria).

  • Zaintzarako eskubidea: legez aitortzea dependentzia egoera guztiak sistema publiko, unibertsal eta doako baten bidez estaliko direla. Zaintza eta osasun eremuetan azpikontratatu diren sektoreen publifikazioa, enplegua bermatuz.

  • Europa mailako batez besteko gastu mailarekiko dugun gabezia gainditu.

Alabaina, Eusko Jaurlaritzaren agendan halakorik ez dago. Gainera, aurten diru-bilketan izango den aurreikusitako jaitsiera dela eta (2.700 milioi euro inguru EAEn), esaten du hau ez dela zerga-erreforma bati ekiteko unea; bere asmoa da zorra Madrilek uzten dion neurrian gehitzea. Honi buruz ELAk honakoa esan behar du:

  • Sanchezen gobernuaren esku uztea zorpetze maila da, batetik, soberaniari uko egitea eta, bestetik, aitzakia bat besteari errua egotzeko aurrekontu sozialen erronka bete ezin denean.

  • Horren aurrean, ELAk bidezko zerga-erreforma bat exijitzen du, biltzen den dirua taxuz gehitu eta tratu bereizkeria amaitu dadin errenta taldeen artean: lanekoak, enpresa eta kapital errenten kontra. Erabaki hau hartzeko aukera euskal erakundeen esku dago, eta aurrekontua gehitzeko ahalmena emango lukeen soberania ariketa litzateke. Bertoko zerga-presioan Europako batez besteko mailarekiko dagoen defizita da bide horretatik jotzeko beste arrazoi bat.

  • ELAren proposamenak honakoak dira: Sozietateen Zergari buruzkoak (kenketak bertan behera utzi eta 2019ko etekinen gaineko %20ko errekargu espezifikoa ezarri), Ondarearen edo Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergari (errekargu espezifiko progresiboa, %1 eta %10 bitartekoa) eta PFEZari dagozkionak (kapitalarentzako tasa berezia kendu eta tarifa orokorraren progresibotasuna areagotu). Horrela EAEn 3.750 miloi eurotik gora bilduko lirateke.

  • Zerga-erreforma baztertzeak esan nahi du erabakitzen dela gaurko gastua bihurtzea biharko zor eta etziko murrizketa, 2008ko krisian gertatu zen bezala.