LANGILE PUBLIKOAK

Eusko Jaurlaritzak laboral finkoei xantaia egin nahi die 2010ean hitzartutako erretiro partziala urratuz

2023/11/08
ELAk mobilizazioa deitu du azaroaren 14rako, adostutakoa bete dadila eta benetako negoziazioari ekiteko galdegite aldera; proposamen hau beste sindikatuei helaraziko die.

Azaroaren 6ko Mahai Orokorraren bileran Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen erretiro partziala (errelebo kontratua) bertan behera uzteko asmoa duela langile laboral finkoen kasuan.
Erretiroetan bata bestearen atzetik murrizketak egin ostean Eusko Jaurlaritzak orain mehatxu egin du esanez ez duela aukerarik murritzena ere aplikatzeko asmorik, eta murrizketa hori baztertzeko xantaia egin nahi die ordezkari sindikalei.
Haatik, Eusko Jaurlaritzak -hainbat mahai sektorialetako akordioetan eta lan-hitzarmenetan garatu zen 2010eko Mahai Orokorreko akordioaren baitan- erretiro partziala aplikatu behar du; hau akordio hartan eskubide gisa aitortu zen, beti ere langileek erretiro mota hori hartzeko eskakizunak betez gero.
Orain Jaurlaritzak xantaia egin nahi die langile publikoei eta hauen ordezkari sindikalei, bere murrizte-politika ontzat eman dezaten, baita erretiroen gaiean ere. Batetik, Urkulluren gobernuak esaten du belaunaldi aldaketaren alde dagoela, baina erretiro partziala murrizteko erabakia ez da helburu horren kontra egin duen bakarra; lehenago erretiro-sarietan eta Itzarrin ere guraizak sartu zituen. Alabaina, milaka langile publiko atera da kalera lan-baldintza hobeen eske.
Horrenbestez, ELAk elkarretaratze bat deitu du datorren astearterako, hilak 14, goizeko 10:30etan Jaurlaritzaren Bilboko egoitza aurrean, murrizteko saio hau salatzeko, zeinak dagoeneko sinatuta dauden akordioak urratzea ekarriko lukeen.
ELAk Jaurlaritza premiatu du akordioak berehala bete ditzan eta zinez negoziatzeko borondatea ager dezan: hobekuntzak behar dira belaunaldien aldaketa lortzeko, erretiro partzialerako eta lanaldia murrizteko, hau guztia akordio batean edota hitzarmen sektorialetan jasoko delarik. ELAk gainerako sindikatuei hausnarketa honen berri emango die erantzun bateratu bat saiatzeko.