euskara

Eusko Jaurlaritzak lan arloko hizkuntza politika inposatu du langileen ordezkaritza entzun gabe

2025/05/28
ELAk komunikabideen bitartez jakin du Eusko Jaurlaritza eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko plan bat azaltzen ari zaiela udalei. Eremu sozioekonomikoaren euskalduntzeak langileei eragingo die bereziki eta, hala ere, Eusko Jaurlaritzak ez du interesik izan langileen ordezkaritza nagusia duen ELAren iritzia jasotzeko.

ELAk komunikabideen bitartez jakin du Aitor Aldasoro, Hizkuntza Politiketarako Sailburuordea, hainbat udaletako ordezkariekin biltzen ari dela eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko plan baten berri ematen, Lanera Plana hain zuzen. Eremu sozioekonomikoa langileek osatzen dute eta plan horrek langileen hizkuntza eskubideetan eragingo lukeen arren, Eusko Jaurlaritzak ez du ELAren iritzirik jaso nahi izan plan hori onartu aurretik. Orain ia urtebete izendatuak izan zirenetik, hizkuntza politiken ardura duten lehendakariordeak, Ibone Bengoetxeak, eta Aitor Aldasoro sailburuordeak ez dute ELArekin bildu nahi izan, sindikatuak espreski bilera eskatu duen arren.

Eusko Jaurlaritza ez da ELArekin bildu nahi ez duelako espreski aitortu nahi EAEko langileek euskaraz lan egiteko eskubidea izan behar dutela eta, ondorioz, enpresek euskaraz lan egin ahal izateko baliabideak eta neurriak onartu behar dituztela derrigorrez. “Momentu honetan soilik gaztelaniaz lan egiteko eskubidea dago bermatuta eta langile euskaldun gehienak gaztelaniaz lan egitera behartuta daude”, salatu du Pello Igeregik, ELAko euskara arduradunak. “Eusko Jaurlaritzak inposaketa hau normalizatu du eta ez du iraultzeko inongo asmorik”-gaineratu du.

Era berean, euskaraz lan egiteko eskubidea bermatze aldera, ezinbestekoa da ere euskaraz ez dakiten langileek euskara ikasteko eskubidea izatea eta lanordutan euskaraz ikasi ahal izatea.
Langileen Estatutuak jasotzen du langileek formaziorako eskubidea dutela, Eusko Jaurlaritzak eta berau sostengatzen duten alderdiek Espainiako Gobernuari presio egin beharko liokete euskara ikasteko beharrezkoa den denbora ere Langileen Estatutuan jaso dadin eskubide gisa. Eta, presioa eragiteaz gain, horren ondorioz sor daitezkeen gastuei aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak baliabideak eskaini beharko lituzke.

“Patronalak eroso daude egungo hizkuntza politikarekin eta gaztelania inposatzen dute enpresa gehienetan, horregatik egin diote uko sindikatuokin euskara planak sustatzeko akordio bat adosteari”, azaldu du Igeregi, Negoziazio Kolektiboko arduraduna ere badena. “Azken 40 urteotan argi erakutsi dute enpresarien borondatez lan mundua ezingo dela euskaldundu eta, hala ere, Eusko Jaurlaritzak ez die enpresari erdarazaleei deserosotasunik eragin nahi eta horregatik ez dute inongo betebeharrik dakarren proposamenik egiten”, salatu du. Genero edo arrazaren araberako zapalkuntzekin gertatu bezala, hizkuntza zapalkuntza ezin da zapaltzaileen balizko borondate onarekin soilik konpondu. Kontzientziazio soziala lantzeaz gain, ezinbestekoa da araugintzan aritzea eta eskubide eta obligazioak legez argi izatea. Esandakoarengatik, ELAk Eusko Jaurlaritzari galdegiten dio jarrera demokratikoagoa eta euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko ausardia izan dezala.