Eusko Jaurlaritzak lehen bilerako jarrerari eusten dio eta babestu zuen Legebiltzarraren 35 orduko legearen aurka jo du
ELAk exijitu du Jaurlaritzaren proposamena berehala erretira dezatela, eta euskal esparruko negoziazio kolektiborako eskubidea errespeta dadila, kanpoko esku-hartze eta inposiziorik gabe; halaber, sindikatu honek agintariei eskatu die autogobernua eta gizarte-politikak defenditzeko jarrera tinkoa agertzea, eta enplegu publikoa suntsitzeko politika baztertzea.
Jaurlaritzak urteko lanaldia 1.614,5 orduraino luzatu nahi du; honek lanpostuak galtzea ekarriko du, eta 35 orduko lorpen soziala zapuzten du. Gogoratu behar da lege haren alde bozkatu zuela EAJk Legebiltzarrean. Gobernuak, gainera, eginkizun partikularretarako egunak kendu nahi ditu, aldi baterako ezintasunari dagokionez Rajoyren dekretua bere hortan aplikatu, eta murrizketei men egin, orain artekoei zein egoera ekonomikoaren arabera etor daitezkeenei.
Hain zuzen, ELAk adierazi du Jaurlaritzaren proposamena berebiziko eraso larria dela zerbitzu publikoetako langileen eta gizarte guztiaren aurka, eta jokabide arduragabeaz herri honen autogobernua bazter uzten du.
Halako egoera larria ikusirik, ELAk eutsi egiten die bere eskariei: 35 orduko lanaldia mantentzea, eskubide laboral eta ekonomikoak berreskuratzea, eta orain arte egindako proposamena errotik aldatzea.
Azkenik, ELAk zerbitzu publikoetako langileei dei egiten die mobilizatzen jarrai dezaten, politika neoliberal hauek erabat aldatu arte, gizartea pobretzea beste ondoriorik ez baitute ekarri.