Eusko Jaurlaritzak mugagabeko kontratatudun bat kaleratu du lehendabiziko aldiz

2014/05/20
ELAk mobilizazioak sustatzen jarraituko du, Gobernuak enplegu kopurua eta enpleguon kalitatea areagotzen ez dituen bitartean.


Lehen aldiz, Eusko Jaurlaritzak mugagabeko kontratudun langile bat kaleratu du, kalte ordainak ordainduta.
Orain arte, laboral mugagabe izaera onartzen zien epaia jasotako langile guztiak geratu izan dira langile zerrendan, batzuetan LPZ delakoan lanpostu horiek jasoz eta ondorengo Lanpostuen Eskaintzetan lehiaketara atera direlarik, eta besteetan mugagabeko kontratudun laboral izaerarekin jarraitu dutelarik.

Kaleratze honekin, Jaurlaritzak lanpostuak desagerrarazteko politikan beste urrats bat eman du.
Gizalan federazioak gogora ekartzen du Urkullu Lehendakariak jendaurrean agindu zuela legegintzaldi hasieran, ez zuela lanpostu egonkor baten jabe zen langilerik kaleratuko, ez enpresa publikoetatik, eta are gutxiago Jaurlaritzaren menpeko zuzenak baziren.
Bestalde, Funtzio Publikoko zuzendariak ere, Mahai sektorialeko bileran, laboral mugagabe izaera onartzen zien epaia jasotako langile guztiei erantzun berbera emango ziela agindu zuen.

ELAren ustez, erabaki hauek hartuta lerro gorri guztiak zeharkatu dituzte. Gobernu hau lanpostuak desagerrarazten dihardu etengabe. Lehenik, aldi baterako lan uzteek eta jubilazioek eragindako hutsuneak bete gabe utziz; ondotik, eragindako hutsuneak estaltzeko langileen lanaldia luzatuz, eta azkenik, lan kontratu mugagabedun langileak zuzenean kaleratuz.
ELAren esanetan behin eta beste behin ikusten ari gara, hartutako konpromisoek eta emandako hitzek ez dutela inongo sinesgarritasunik.

ELAk erabateko aldaketa exijitzen dio Gobernuari. Kalitatezko enplegu publikoaren aldeko apustua egin dezan exijitzen dugu, hala nola, kaleratutako langilea bere lanpostura itzulia izan dadin, EiTB-ko lanpostu guztiak bete daitezen, eta 35 orduko lanaldira itzultzea kontratazio lanpoltsak sarri erabiliak izan daitezen berriz ere.
ELAk mobilizazioak sustatzen jarraituko du, Gobernuak enplegu kopurua eta enpleguon kalitatea areagotzen ez dituen bitartean.